Errege Koparen fase finalerako txartela eskuratu du Bidasoak

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 23a

Atzo Puente Genilen (Kordoba) 30-36 irabazi zuen Alex Mozasen taldeak Errege Koparen hirugarren kanporaketan. Horrenbestez, ekainaren 5etik 7ra Alacanten jokatuko den zortziko fase finala jokatuko du Bidasoak aurten ere, Europara sailkatzeko txartel bat jokoan. Igande honetan, ASOBAL Ligan Atletico Valladoliden etxean jokatuko dute. 

Irudek Bidasoa Irunek dinamika ona hartua du, eta duela bost aste (21. jardunaldian) Bartzelona ahalguztidunaren aurka galdu zuenetik, bost partida lotu ditu galdu gabe. Emaitzen hobekuntza eta ASOBAL Ligan Logroñon lortutako aparteko garaipenari esker, laugarren sailkatua da eta Europara sailkatzeko lehian sartu da denboraldi bukaera honetan. Errioxarrak bi puntura eta Granollers puntu bakarrera baititu, eta katalanek Artalekutik pasa beharko dute oraindik ligaren azken aurreko jardunaldian. 

Hala ere, Europara sailkatzeko beste bide batzuk daude. Errege Kopako finalista izatea, adibidez. Iaz Irunen antolatu zuten fase finala, eta aurten ekainaren 5etik 7ra Alacanten jokatuko bada, atzo Kordoban lortutako garaipenari esker, bertan izango da Alex Mozasen taldea. Ligako bigarren jardunaldian egindako markagailua errepikatu zuen atzo Puente Genilen aurkako Errege Kopako hirugarren kanporaketaren partiduan, 30-36. 

Kordobarako bidaia luzeak merezi izan duela aitortu digu Gorka Nieto jokalariak. Koparen fase finala jokatzeaz gain, taldea dinamika baikorra eta erasoan ondo ari dela nabarmendu du. Hurrengo partida ASOBAL Ligakoa izango dute, apirilaren 26an, igandean (16:30ean) Recoletas Atletico Valladoliden etxean.