Kubako «blokeo inperialista» arintzeko elikagaiak eta oinarrizko materiala biltzeko kanpaina Bidasoan ere

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 23a

AEBen blokeoa dela eta kubatarrak «muturreko egoeran» daudela salatu dute EHKSko, IAS eta Euskadi-Kuba elkarteko kideek. Egoera arintzeko, egunotan eskoletan egindako bilketaz gain, apirilaren 25ean Irungo Fermin Calbeton kaleko BMn, Alcampon eta Hondarribiko Eroskin Fermin Calbeton kaleko BM, Alcampon eta Hondarribiko Eroskin bilketa kanpaina antolatu dute 10:00etatik 14:00etara. Elikagaiak, osasun, higiene eta eskolarako materiala jasoko dute, eta Kabigorrin ere entregatu daitezke. Aldi berean, Euskal Herri mailako diru-bilketa kanpaina ere egiten ari dira. 

EHKSko, IAS eta Euskadi-Kuba elkarteko kideek Euskal Herriko 93 herritan aurrera daramaten kubatarrak laguntzeko kanpaina gure eskualdean ere egiten ari dira. Bidasoko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) kubatar herria laguntzeko material bilketa kanpaina antolatu du aste honetan. Apirilaren 13tik 24ra Irungo Pio Baroja, Hirubide, Txingudi BHI, Toki Alai eta Eguzkitza hezkuntza zentroetan bilketa egiten ari dira. Eta 'Blokeo inperialistaren aurrean, Kubarekin elkartasuna!' eskualdeko zenbait saltokietan ere egingo dute kanpaina larunbatean, apirilak 25ean. Zehazki, Fermin Calbeton kaleko BM, Alcampon eta Hondarribiko Eroskin egingo dute bilketa, 10:00etatik 14:00etara.

Eragileek nabarmendu dute «oso larria» dela Karibeko herrialde horren egoera. «Itzalaldiak eta erregai eskasia eguneroko ogi bilakatu dira, eta kalteak eragiten ari dira arlo guztietan; besteak beste, garraioan, elikagaiak eta ura eskuratzeko aukeran, osasungintzan eta hezkuntzan». Aditzera eman dutenez, AEBk azken urteetan Kubaren aurkako eraso inperialistak biziagotu dituzte. Hortaz, egoera larri honen aurrean, osasun eta higiene materiala, garbitzeko materiala eta elikagaiak bilduko dituzte. Mota guztietako osasun produktu eta tresnak jasoko dituzte: besteak beste, tresna eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera eta hariak), eskularruak, eta preserbatiboak. Horrekin batera, higienerako konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak eskatu dituzte, eta garbiketa orokorrerako materiala ere bai. Horien artean, erratzak, zoru garbigailuak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoiak garbitzekoak eta abar.

Janariaren kasuan, hondatzen ez diren elikagai lehorrak eskatzen dituzte, betiere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko badira. Arroza, pasta, lekale lehorrak, fruitu lehorrak, olioa edota kontserbak. Era berean, medikamentuak, elikadura osagarriak (bitaminak, magnesioa, burdina eta kaltzioa eta omega 3), eta haurrentzat zein helduentzat higiene materiala jasoko dute. Bestalde, eskolarako materiala, erratzak, oihalak, biberoien garbitzaileak etabar... eramateko eskatu dute.

Egoera horretan laguntzeko, Kabigorri Ateneoak ere bat egin du kanpainarekin. Eta iragarri dutenez, apirilaren 23, 24, 25 eta 30ean, eta maiatzaren 1, 2, 7, 8 eta 9an materiala emateko aukera du nahi duen orok arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Diru bilketa Habanako ospitale batentzat

Hortaz gain, Euskal Herria-Kuba herri ekimenak eta Euskadi-Kuba elkarteak diru bilketa berezia abiatu dute, eta hilabete bakarrean 180.000 euro biltzea lortu dute euskal kulturako 130 erreferenteren babesari esker. Euskal elkartasuna aktibatzeko “Argia eta indarra Kubarentzat” lelopean, diru-bilketa kanpaina ere egiten ari dira herriz herri. Dirua Habanako William Soler Unibertsitate Ospitale Pediatrikoko Poliklinikoari autonomia elektrikoa emateko erabiliko da, eguzki-energia fotovoltaikoko instalazio oso bat erosiz eta bertara bidaliz.

Kanpainaren eramaileek argitu dutenez, kanpainak lortu duen arrakasta ikusita, bigarren eguzki-panel baten instalazioa lortzeko kanpainaren helburua 244.000 eurotara emendatu dute. Proiektua mediCuba-Europa GGKEak kudeatuko du. Herritarrek diruz lagundu nahi izanez gero, Laboral Kutxako kontu korronte baten bidez (ES35 3035 0134 43 1340 0592 71) edo Bizum bidez (04713 kodea erabiliz) egin ditzakete ekarpenak.