Irungo Udalak migratzaileentzako erregularizazio prozesuan laguntzeko ia 400 eskaera jaso ditu

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 27a

Apirilaren 16an ireki zen migratzaileentzako ezohiko erregularizazio-prozesua, eta honi lotutako zaurgarritasun balorazioaren ziurtagiri eskaerak kudeatzeko langile bat gehiago bideratu du Irungo Udalak. Eskaerak ugaritu direnez, zerbitzua indartu behar izan dute. Eskaera egiteko hitzordua eskatzeko, aurrez aurre egin daiteke HAZean edo bienestarsocial@irun.org posta elektronikoaren bidez.

Irungo Udalak aditzera eman duenez, apirilaren 16an ireki zen migratzaileentzako ezohiko erregularizazio-prozesuan eskaerak bideratzeko laguntza ematen ari da. Eskaerak ugaritu egin direnez, udalak azterketa bat egin du egoera eta laguntza behar dutenen kopurua baloratzeko, eta modu eraginkorrean erantzuteko. Hala jakitera eman du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizate arloko zinegotziak. Joan den ostiraleko udal osoko bilkuran argitu zuenez, erregularizazioa izapidetzea ez da udalen eskumena, baina migratzaileen zaurgarritasunaren balorazioa egiteko izapidetzean laguntzeko ardura hartu du udalak. Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuek ziurtagiri hori izapidetzeko 370 eskaera baino gehiago bideratu ditu dagoeneko. Eta eskaerari aurre egiteko udalak langile bat gehiago bideratu du zerbitzu hau indartzeko.

Udalak argitu duenez, Irunen erakunde akreditatu bakarra dago agiriak kudeatzeko une honetan, Txingudiko Elkarte Feminista, eta, beste batek dagoeneko eskaera egin du. Irungo Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloak eman ditzake kalteberatasun-ziurtagiri horiek. Horretarako, Udala bi elkarteekin bildu da, prozedura eta irizpideak argitzeko eta izapidetzean zorrotzak izateko.

Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretuaren arabera, Espainiako Estatuan 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen bizi eta eskaera egiten den unean gutxienez bost hilabetez jarraian egon izana bete beharra dute eskatzaileek. Baita aurrekari penalik ez izatea egiaztatzea ere. Argitu dutenez, erregularizazioa unibertsala da, eta errolda edo errolda soziala duten pertsonentzat zein gizarte-zerbitzuetan erreferentziazko teknikari bat esleituta duten pertsonek izapidetu dezakete, Euskadiko gainerako udalerrietan egiten ari den bezala.

Gogoan hartu behar da, bestalde, EUDEL erakundeak udalek errolda soziala eskaintzea adostu zutela. Hau da, helbide ofizialik ez duten migratzaileek, Irungo udaletxean erroldatzeko aukera bermatu beharko lukete. Honi buruz, Irungo Udalak ez du nola jokatzen duen argitu, Cristina Laborda EUDELeko presidente ordea bada ere.

Nolanahi ere, aipatutako eskaera izapidetzeko informazio guztia Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren webgunean dago. Kalteberatasun-ziurtagiria egiteko hitzordua eskatzeko, aurrez aurre egin daiteke HAZean edo aurrez aurre egin daiteke HAZean edo bienestarsocial@irun.org posta elektronikoaren bidez.