Irungo Udaleko HAZ bulegotik kudeatzen duten Abisu, kexa eta iradokizunen (AKI) zerbitzuak ez du iaz 2024ko marka historikoa hobetu. Baina irundarrek gero eta gehiago erabiltzen duten zerbitzua dela agerikoa da azken urteetako bilakaera aztertuta. 2025ean 6.647 kontsulta jaso zituzten, 2024ko 6.947 kontsultekin alderatuta. Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkariak nabarmendu duenez, «berriz ere ikusi dugu herritarrek konfiantza dutela zerbitzuan, konfiantza handia gainera, eguneroko kontuak eta zalantzak argitzeko oso erabilgarria baita».
Alde horretatik, bide onetik ari direlakoan dago udal ordezkaria, eta aurki 30 urte beteko dituen zerbitzu honekin «irundarrei laguntzen jarraitzeko» lanean ari direla argitu du. 1997an sortu zen, eta orduz geroztik herritarrek udal-zerbitzuei buruzko proposamenak egin diezazkiokete Irungo Udalari, baita iritzia eman ere. Hiru hamarkada hauetan garapen etengabea bizi izan du, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan bertan edota 010 telefonoaren bidez ez ezik, azken urteetan Irungo Udalaren webgunean, egoitza elektronikoan edo Irun App aplikazioaren bidez nabarmen emendatu baitira izapidetzeak.
Zehazki, 3.459 abisu, kexa edo iradokizun aurkeztu zituzten 2025ean telefonoz, eta 2.255 webgunearen bidez. Telefono bidezko kontsultek beherakada argia erakusten dute, aurreko urtean baino ia 700 gutxiago baitira, baina online bideak igoera handia izan du, 2024ko 1.980 kontsultetatik 2025eko 2.255etara pasatuta. Aplikazioaren bidez aurkeztutako abisuak 755 izan dira, eta horrela kanal horrek 2023an sortu zenetik erakutsi duen goranzko joerari eusten ari diola, 2023an 425 kontsulta izan baitziren, eta 2024an, 591.
Herritarrek zerbitzu hau gai anitzetarako erabiltzen dutela azpimarratu du Jon Ugartek. Hala ere, denen artean gehien errepikatzen diren kexa edo iradokizunak, bideen garbiketari lotutakoak izan dira (1.297 abisu), parke eta lorategiak (710), eta segidan, TAOa eta hiriko garraioa, hiri-hondakinak eta Udaltzaingoko ordenantzari buruzkoak izan dira. Bestalde, udal eskumenekoak ez diren erakundeei zuzendutako abisuei dagokienez, Txingudiko Zerbitzuei lotutakoak izan dira gehienak, kontsulta guztien %39.