Datorren astelehenean hasiko dira Irungo lorategi eta hiriguneko berdeguneetako loreak aldatzen. Neguko landareak kendu eta udako 27.800 landare ingururekin ordezkatuko dituzte. Gorka Alvarez, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako udal ordezkariak azaldu duenez, gaur egun 1.000.000 metro koadrotik gora berdegune kudeatzen ditu udalak, eta Gureak enpresako lorezainek egingo dituzten lanak Luis Mariano eremuan hasiko dituzte. Bertan, 4.500 salbia gorri landatuko dira (Salvia splendens).
Hurrengo asteetan, berriz, San Juan plazako lore-sortak (dragoi begonia eta eguzki alegria gorriak ) landatuko dituzte, 1.700 ale inguru, eta Zubimuxu plazatxoko biribilgunean espezie koloretsuetako 3.200 ale; ageratumak, eguzki alegriak, begoniak, lobeliak eta xingolak. Landaketa kanpaina hiriko auzo eta txoko guztietara zabalduko dute gero, eta aipatutakoez gain, alegria, bidensak eta landare bereziak ere hazi dira, kantitate txikietan, altuera edo ukitu berezia emateko: koleoa, kleomea, penisetuma, portulaka, berbena...
Bestalde, klima aldaketa kontuan hartzen dutela dio Alvarezek. «Zuhaitzekin bezala, klimari hobekien egokitzen diren landareak probatzen goaz, iraun dezaten eta mantenu txikiena eskatzen dutenak», argitu du.
Aipatutako landaketarekin batera, maiatzaren 6an erretiratuko dituzten neguko loreak herritarrei oparituko dizkie udalak. Laugarren urtea da Irungo Udalak ekimen hau antolatzen duela, eta bizirik dauden landareak direla kontuan hartuta, «bigarren bizitza bat emateko» helburua du Alvarezen arabera. Banaketa datorren maiatzaren 6an izango da, asteazkenarekin, goizeko 10:00tik aurrera, Luis Marianoko turismo-bulegoaren alboan. Iragarri dutenez, 4.600 landare inguru banatuko dituzte, eta 2.000 tulipa inguru.
Kilometro Zeroko loreak
Datozen asteetan hiria kolorez jantziko da beraz. Baina udako loreen lanketa abenduan hasten dela nabarmendu du Alvarezek. «Landare hauek guztiak Meakako udal mintegiko negutegietan sortzen eta hazten dira, hilabeteetako lan isila suposatzen du, baina KM0 loreak direla esan dezakegu». Inguruko udalerriek ez bezala, Irungo Udalak bere haztegi propioa du hiriko berdeguneak hornitzeko. Eta egitura honen balio soziala ere azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak.
Izan ere, Gureak enpresak zailtasunak dituzten pertsonei integraziorako lan aukera eskaintzen die bertan. Eta haiek dira lorazain zerbitzuetan, eta mintegian ere. Alde horretatik, abenduan sortutako landareak dira maiatzetik aurrera urtero landatzen dituztenak. Gorka Alvarezek azaldu duenez, ikasleen bisitak ere antolatuko dituzte udaberrian, «egiten den lana balioan jartzeko, eta gazteek hiriko lorategiak zaintzen ikas dezaten».
Berdeguneen mantentze lanak
Bestalde, udaberriarekin batera hiriko berdegune eta txoko askotan luzatu diren belarren mozketa lanak ere abiatu dituztela aditzera eman du udal ordezkariak. «Herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi nahi diet, lorezainak egunero ari dira belarrak mozten, baina eremuka egiten da», argitu du.
Irungo hirian mantendu beharreko berdeguneen azalera milioi bat metro koadrokoa dela gogoratu du Alvarezek, eta eremuka klasifikatua dauka udalak egin beharreko lanen arabera. Mantentze intentsiboa egiten dute 29.208,92 m2ko A eremuan, Erdigunea eta hiriko sarbideetako biribilguneak kontuan hartzen dituena. B eremuan sartzen dira, aldiz, mantenu lan handia eskatzen duten auzoak (410.113,17 m2). Auzoetako ezpondak (140.119,45 m2), noizbehinkako mantenua behar duten gainerako eremuak (214.926,88 m2), eta hiriko basoetan eta naturaguneetan egin beharreko mantentze-lanak (132.392,45 m2) izan ohi dira gainerakoak.