Euskal sagardoak eta elkartasunak hartuko du Urdanibia plaza maiatzaren 9an

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 29a

Zapia jantzi eta nahi adina sagardo dastatzeko deialdia luzatu dute Taupadak GKE, Antxeta Irratiak eta Betti Gotti euskara elkarte antolatzaileek. Irungo Udalaren laguntzarekin 28. Sagardo Eguna solidarioa antolatu dute maiatzaren 9an. Boliviako Amazonian iturriko ura etxeetara eraman eta musika eskola laguntzeko, txartelak 10 eurotan izango dira, eta txotx irekiera 18:00etan hasiko da. 17:30etik aurrera Bidasoako Erraldoiak plazaren bueltan ibiliko dira, eta Auntxa Trikitixa Eskola eta Udal Kontserbatorioko trikitilariekin erromeria, eta 'Los Trankilos' txarangak jarriko dute kale animazioa. 

Gaur aurkeztu dute maiatzaren 9an ospatuko den Irungo Sagardo Eguna. Joan den urtean bertan behera geratzeko zorian egon ondotik, hitzordua mantentzeko ahalegina egin zuten eragile bertsuek antolatu dute aurtengo 28. edizioa ere. Taupadak GKEak, Antxeta Irratiak eta Betti Gotti euskara elkarteen eskutik, eta Irungo Udalaren laguntzarekin antolatuta, 10 sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera egongo da Urdanibia plazan. Guztira 3.600 botila (2.710 litro) zerbitzatuko dira, eta jateko txorizo zein bakailao tortilla pintxoak Irungo elkarte gastronomikoen eskutik izango dira.

Alde horretatik, Jokin Melida, Taupadak GKEko ordezkariak elkarlanetik antolatutako ospakizuna dela nabarmendu du gaur. Nuria Alzaga, Kultura zinegotziak ere, antolakuntza lanetan dabiltzan elkarte eta boluntario guztiak eskertu nahi izan ditu, eta «irundarrengandik irundarrentzat egina, poliki poliki elkarlanetik aurrera egin beharra» duen Sagardo Egunera hurbiltzeko gonbidapena luzatu du. 

28 urteko ibilbide luzean, euskara eta euskal kultura ardatz izan dituen hitzordua bada ere, hastapenetik helburu solidarioa izan duela gogoratu du Jokin Melidak ere. Eta aurrekoetan bezala, Taupadak GKEak Boliviako Amazonian dituen kooperazio proiektuetara bideratuko dituzte irabaziak. «San Ignacio de Mojos herrian iturriko ura bermatzeko proiektu bat garatzen ari gara orain, etxe guztietara iristea da helburua eta 4.000 metro handitu dugu banaketa sarea, baina euri ura kontsumitzen ari diren etxeak badaude oraindik», azaldu du Melidak.

Bestalde, musika eskolaren proiektuaren iraunkortasuna lortu du erakundeak, Ensemble taldea eta argitaratu dituzten diskoekin batera, Hezkuntza Ministerioak Goi Mailako Institutua izendatu du. Taupadak GKEko kideak aditzera eman duenez, heldu den urtean musikariak Euskal Herrira ekartzeko lanean ari dira.

Sagardoa nahi adina edateko aukera

Hortaz, helburu solidarioa gogoan hartuta, maiatzaren 9an zapia jantzi, eta gogoa eta dirua Urdanibia plazara eramatea eskatu dute. Izan ere, tiketak 10€ren truke izango dira, eta horrekin, nahi adina edateko edalontzia eta pintxo bat jateko aukera emango dute. Gainerako pintxoak, aldiz, 2 eurotan salduko dituzte elkarte parte-hartzaileek. Urtero bezala, elkarte gastronomikoen laguntzarik gabe nekez antolatu ahalko zutela gogoratu dute aurkezpenean. Eta aurtengoan, Irungo Motor Elkartea, Txingudi Rugby Kluba, Euskal Kirolak, Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea, Aialdean, Erlaitz mendi elkartea, A.R.G. La Salle, Kurpil Kirolak, Bidasoako EKT, Jostailu eta Nabarteneak parte hartuko dute. 

Animaziorik ez da faltako plazan. Betti Gotti elkarteko Joxeja Zabalok argitu duenez, «sagardoaren ekoizpenean eta nekazaritzaren prozesuari buruz, eta horren atzean dauden erleen polinizazioa gizarteratzeko ekimenak» antolatu nahi lituzkete hurrengo urteetan. Hala ere, mementoz, eguna girotzeko programazioa antolatu dute «euskara eta euskal kultura ardatz hartuta». Zabalok azaldu duenez, Bidasoako Erraldoiak 17:30etik aurrera plazaren bueltan ibiliko dira, eta Auntxa Trikitixa Eskola eta Udal Kontserbatorioko trikitilariekin erromeria giroa piztu nahi dute plazan. Behin sagardo dastaketa 21:00etan amaitutakoan, 'Los Trankilos' txarangak jarriko du kale animazioa, Urdanibia eta San Juan plaza inguruetan.