Asteburu honetan Larreaundin hasiko dute Irungo auzoetako festen itzulia

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 30a

Auzo giroa suspertu nahian, duela bost urte berpiztu zituzten auzoko jaiak gogotik hartzen dituzte urtero, Larreaundi eta Olaberriako bizilagunek ez ezik, irundar guztiek ere. Maiatzaren 1etik 3ra bitartean haurrentzako jolasak, buruhandi eta erraldoiak, eta aurten aurreneko Kross Txikia ere egingo dute. Baina Gazte Bingoa eta helduentzako ere eskaintza oparoa antolatu dute. Remember eta DJ Bullekin musika saioak, paellada herrikoia, Bermuta Kantuz edota Zubia gizarteratze zentroak antolatutako Patata Tortilla Txapelketa, besteak beste. 

Larreaundi-Olaberria auzoko jaiak ospatuko dituzte maiatzaren 1eko asteburu luze honetan. Urtarrilean hasi ziren antolatzen, eta Tomas Arana auzo elkarteko kideak aitortu digunez, «Irungo jende guztia ongi etorria bada ere, bereziki auzoko jendeak gogotik hartzen ditu jaiak». Ostiraletik igandera bitartean, haurrentzako jokoak, buruhandiak, Bidasoako Erraldoiak, paellada herrikoia, patata tortilla txapelketa, AEKko ikasleekin batera Bermuta Kantuz, Gazteentzako Bingoa eta musikarekin borobilduko dute, auzoko Remember taldearen kontzertua (maiatzaren 1ean) edota Dj Bull ospetsuaren emanaldia (maiatzak 2an) izango dira besteak beste programa osatuko dutenak.

Tomas Aranak azaldu digunez, Irungo auzoetako lehen jaia da urtero, eta jendeak gogoz hartzen duela probestu dute azken urteetan, Larreaundiko jaiak indartu, eta auzogiroa berpizteko. «Saiatu gara berpizten hilda xamar zeuden auzoko jaiak, hau bosgarren urtea izango da eta urtero urtero ahal duguna egiten dugu, baina auzoa girotzen laguntzen dugula uste dut», dio. Aitortu duenez, umeei garrantzi handia ematen diote egitarauan, eta haurrekin hurbiltzen diren familien presentzia nabaria da. Hala ere, adin guztietarako jarduerak proposatuko dituzte, norbere ordutegiei egokituta. 

Auzo elkarteko lantalde berria sartu zenetik, auzoko Eguzkitza ikastetxea, eta auzoko gainerako eragileekin lankidetza bilatu dute auzoa biziberritu nahian. Jaien aitzakiarekin ez ezik, urtea osoan zehar ere. «Auzo giroa bada, ume txiki eta koxkortu asko dago, eta eskola auzoaren erdian egoteak ere asko laguntzen du giro polita sortzeko», kontatu digu, auzo elkartetik ere aparteko dinamikak abian jarri dituela gogoratuz, «Euskararen Eguna formatu desberdinekin baina finkatu dugu urtero, eta Euskaraldia edota Korrika zela eta, ekimen bereziak antolatu ditugun bezala, kultur-artekotasunari ere garrantzia ematen diogu». Ildo horretatik, auzoko bizilagunen aniztasuna kontuan hartuta, kultur-artekotasunaren aldeko eta arrazismoaren kontrako ekimenak antolatzen dituzte. Eta jaiak horren irudiko dira.

Aparteko lankidetzak auzoan

Eguzkitza ikastetxearekin harreman zuzena duten bezala, auzoko kirol elkarteekin ere harremana du auzo elkarteak. Maiatzaren 1ean 17:00etatik aurrera haurrei zuzenduta antolatu dituzten dozena bat joko eta ekintzen artean, adibidez, Leka Enea mahai-tenis elkarteak ere parte hartuko du. 

Baina bestelako elkarlan batzuk ere bideratu dituzte auzoko jaien aitzakiapean. Auzokidea duten Zubia gizarteratze zentroarekin elkarlanean ari dira. Eta iaz bezala, aurten bigarrenez haiek antolatu dute igandean 12:00etan egingo den Tortilla Patata Txapelketa (Izena emateko 606 702 034). «Haiek antolatu eta parte hartzen dute, eta jaietarako auzoa apaintzen ere lagundu digute», gaineratzen du Aranak. Gizarte bazterketa arriskuan edota kalegorri egoeran diren pertsonak dira Zubiako erabiltzaileak, eta gizarteratze prozesuan auzo bizian integratzeko aukera eskertzen dute.

Elkarlan berezia darama auzo elkarteak AEK euskaltegiarekin ere. Duela hiru ikasturte euskaltegitik kanpo, auzo elkartean euskara klaseak emateko taldea osatu zuten. Eta hainbat ekimen burutu dituzte auzoan horri esker. Aurtengo jaietan, adibidez, Bermut Kantuz ekimena egingo dute txosnagunean, maiatzaren 3an 13:00ean. «Kantubira gisa, euskararekin bat egin eta abesti batzuk prestatu dituzte irakasleekin batera, patata tortilla pintxoak dastatzen diren bitartean, abestien kopiak banatuko dituzte, eta saiatuko gara euskaraz abestuz girotzen», argitu du Tomas Aranak. 

EGITARAUA OSOA HEMEN