Irungo Udalak tokiko musika taldeei aukerak eskaini asmoz, sanmartzialetako kontzertuetan GazteARTEan Agertokia sortu zuen 2023an, En Tol Sarmiento (ETS) taldearen kontzertuan. Urte hartan, Kikitza eta Fa Sus 4 talde gazteek kontzertua eskaini zuten telonero gisa. Aurretik ere, bertako musika taldeentzako lekua bilatu izan dute. KM0ko kulturaren aldeko apustua egin duela nabarmendu baitu Nuria Alzaga Kultura zinegotziak. Betiere, taldekideen %70ek 18-25 urte artekoak behar dute izan, eta taldekideen %50k Irunen erroldatuta egon behar dute.
Iaz, adibidez, Onanive eta Deklive taldeek izan zuten sanmartzialetako euskal musika taldeen kontzertuetako telonero izateko aukera. Zehazki, Süne eta Gatiburen telonero. Aurtengoan, aldiz, Folkesi eta Wonka y Waje 4LEB gozatuko dute Urdanibia plazako taula gainean, eta Gozategi bezalako erreferenteekin edo Bele bezalako ahots berriekin partekatuko dute kartela, ekainaren 13an eta 23an.
Nuria Alzaga Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, «aukera paregabea da tokiko talentuarentzat: Urdanibia Plazara igotzea, bertako jendearen aurrean, eta egiten dutena garrantzitsua dela sentitzea». Alde horretatik, erreferentziazko talde profesionalekin batera eszenatokia partekatzea funtsezko bultzada da zinegotzi sozialistaren ustetan, bere proiektua hazten eta sendotzen jarraitzeko.
Udalak gogoratu duenez, teloneroak hautatzeko Internet bidez egindako bozka antolatu dute aurtengoan ere. Eta oraingoan, ia 1.000 irundarrek bozkatu dute aukeran zeuden lau taldeen artean. Slimfit eta Sivana taldeak saririk gabe geratu dira.
Hautatutako bi taldeei buruz, estilo erabat ezberdinak dituztela argitu dute. Folkesi taldearen kasuan, Gwendal, The Pogues, Sorotan Bele, Celtas Cortos edo Mago de Oz bezalako talde mitikoen eragina du, folk estilo herrikoia du nagusi, eta euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko letrak lantzen ditu. Wonka y Waje 4LEB taldea, aldiz, rap estilokoa da. Joan den urtean sortu berri dute, eta dagoeneko kolaborazio eta kontzertu batzuk egin dituzte Gipuzkoako hainbat agertokitan.