Lukin: 20 urtez abandonatutako milaka irundarren historiaren parte

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 30a

Gaur egun Irrisarri Landen antolatzen ditu Irungo Udalak bere udalekuak, Igantzin. Legasan edo Sarrian ere proposatu izan ditu. Baina 1968tik 2005era udalaren jabetzakoa den Lukin herriko San Marcial aterpetxetik irundar belaunaldi asko pasa ziren. Udalak eraikina 2012az geroztik tapiatua eta salgai duen bitartean, Lukineko Udalarentzat «herriaren etorkizunerako funtsezkoa» dela aitortu digu Javier Martinez Giralda alkateak. Erabilera sozialerako nahiko luke erabili, baina abandonu egoeran dago aterpetxea, eta Nafarroan halakoak erosi dituzten "sekta ultrakatoliko eskuindarren" esku geratzeko arriskuaren beldur dira Lukineko 144 biztanleak.

1968an Irungo Udalak Lukineko (Nafarroa) Hermanas de la Caridad seroren eskola alokatu zuen Irungo haurrei eskaintzen zien udalekuak antolatzeko. Ondo joan zen bistan denez, izan ere, 1971an eraikina erosi egin zien udalak, baita inguruko lurrak ere. Eta hiru hamarkada luze ondoren, 2005ean abiatu zen 144 biztanle dituen Lizarraldeko herri txiki honetatik umez betetako udalekuen azken autobusa Irungo bidean. Betiko.

Udaleku hauek itxi ondoren, Irungo Udalak Gorbeiako Parke Naturalean dagoen Sarriako (Araba) aterpetxean antolatu zituen hainbat urtez. Berez, Lukineko altzari zenbaitzuk hustu zituzten hura hornitzeko, aterpetxe hura ere udalaren jabetzakoa baitzen. 2013an, aldiz, BKZ Navarra Aventura enpresari esleitu zioten udalekuen zerbitzua, eta Nafarroako Legasako Kattalin aterpetxera lekuz aldatu zuten berriz. Urteen poderioz, udalekuen azpikontratazio eredua gailendu egin da Gazteria arloaren kudeaketan. Eta jakina den bezala, gaur egun Irisarri Land abentura parkean 300 plaza eskaintzen dituzte udaoro, Igantzin.

1968an hasi zen Irungo Udala udalekuak Lukinen antolatzen, eta 1971n erosi zuen ia 8 hektareako eremua. 

Baina hiru hamarkada luzez irundar belaunaldi askok izan zuten Lukineko udaleku haietaz gozatzeko aukera. Urterik oparoenetan 50 neska-mutileko bost txanda antolatu izan zituzten. Javier Martinez Giralda, egungo Lukineko alkateak azaldu digunez, herriko frontoia eta igerilekua udalekuetako 250 haur horiei esker eraiki zituzten hein handi batean. «Uda haietan mugimendu handia zegoen herrian, eta behar bati erantzunez egin ziren igerilekua eta frontoia, dena garai berean», dio Por Lukin plataformako alkateak. Herrian oroitzapen politak dituzte garai haietaz, eta gaur egun oraindik ere, noizean behin irundarren bat edo beste ume zeneko garaiak gogoratuz herritik bisitan pasa ohi dela dio Martinez Giraldok.

Bi hamarkadako abandonua eta hamaika proiektu

Irungo Udalaren jabetzakoa izaten jarraitzen du San Marcial izeneko aterpetxea gaur egun. Bi solairu eta sotoa duen 693 metro koadroko eraikina, kanpoaldeko 155 metro koadroko patioa du, eta 7.877 metroko azalerako lurrak (futnol zelaia barne) erabili gabe daude. Garai bateko seroren eskola zena, itxita eta sarrera nagusiak tapiatuak dauzka aspaldi. Izan ere, Irungo Udalak instalazioak berritzeko eta udalekuak berreskuratzeko saiakera egin zuen 2007an EAJ-PNVk proposatuta. Garaiko zinegotzien bisita ere antolatu zuten bertara, baina ezer ezean geratu zen.

Asmoak erdibidean geratu ziren. Baina Irungo Udalak teilatua berritu egin zuen, eta ia jarraian eraikina betiko itxi zuen. «Horri esker eraikina nahiko ondo mantentzen da, baina 20 urte asko dira, eta gero eta okerrago dago», kexu da Lukineko alkatea, «penagarria izango litzake egunen batean eraitsi behar izatea, edo enpresa dirudunen batek erostea, eta jarduera sozial edo kultural batetarako erabiltzerik ez izatea». Urteotan guztiotan, Irungo kooperatiba bateko jubilatuentzako opor-zentro gisa erosteko galdetu izan zutela gogoan du, baita arte eszenikoen eskola tailer gisa erabiltzeko talde baten interesa ere, baina eraikina eta lurrak banaezinak direnez, garestia izanagatik edo handiegia, atzera egin ohi dute denek. 

Irungo Udalaren jabetzako eremua eta aterpetxeak Lukin herriaren zati garrantzitsu bat suposatzen du. 

Lukineko alkateak adierazi duenez Irungo Udalarekin harremanetan izan dira urteotan, gerora Lizarran bulegoa kokatu zuen Teder ingurumen eta nekazaritza garapenerako agentzia Lukineko udalekuen egoitzan kokatzeko asmoz. Europako NextGeneration, Leader eta Feder laguntzak kudeatzen dituen erakundea da Lizarraldean, nekazaritza eta mendi garapenerako proiektuetan. Baina aukera galdu zuten ere. Era berean, Adinekoen Eguneko Zentro baten proiektua ere aztertu zuten, eta «Irungo Udalak horretarako eraikinaren lagapena egiteko prestutasuna» agertu zuela gogoan du Giraldezek. Baina aurrekoetan bezala, ez zuen aurrera egin.

Urteak joan urteak etorri, Irungo Udalak jabetza osoa salgai du aspaldi. Eta Irungo agintariek eskatuta 2006an Lukineko Hirigintza Planean erabilera dotazionaletik eraikigarrira aldatzea onartu zuten arren, eraikina eta lurrak zatikatuta erabili edo saldu ahal izatea ezin izan du Lukineko Udalak bideratu. Horren ondotik, hain justu, 2007an Nafarroako Foru Aterpeen sareak erabiltzeko zaharberritzeko proiektua aztertu zuten Nafarroako Gobernuarekin. Baina proiektu hura ere ate atzean geratu zen.

Haatik, Lukineko alkateak argitu duenez, «Nafarroako Gobernuak lur horietan etxebizitza sozialak egiteko aukera aipatu zuen, eta Irungo Udalak interesa luke, baina ez dago eskaera aski horretarako mementoz», azaldu digu, «baina horrelako zerbait eginez, lurrak eta eraikina banatzea izango litzateke udalekuen egoitzari irteera emateko aukera bakarra». Lukineko herriak beretzat nahiko luke eta. «Guk, gustura erosiko genuke eraikina, baina urtean 300.000 euroko aurrekontua duen udal erakunde xume bat nekez sar daiteke horrelako inbertsio batean». Gainera frontoia berritzeko beharra izan dute agintaldi honetan, eta inbertsio gaitasunik ezin dute asumitu. 

Bitartean, Irungo Udalak 2012 urteaz geroztik Lizarrako higiezin agentzia baten bitartez salgai izan du jabetza osoa. Irungo Udalak eraikina eta lurrak banaturik saltzeko interesa agertu du, baina Nafarroako Ogasunak ez du lurzati zedula banatzea baimendu. Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, eraikina eta lurrak barne milioi euro ingurutan saltzeko asmoa du Irungo Udalak, lurzatiaren balio katastrala 217.902,95 eurokoa bada ere. Lukineko Udalarekin, berriz, ez dira inoiz zifra zehatzak negoziatzera iritsi. Irungo gaur egungo agintariei galdetuta, berriz, ez dute Lukineko aterpetxeari buruz xehetasunik eman.

Anartean, Irungo Udalak 1.960 euroko mantenu gastuak ditu urtero, Lukin herriko Miguel A. Urabayen Gilek egiten dituen aterpetxearen inguruko zuhaitzen kimaketa lanen gastuei lotuta.

Lukineko etorkizuna jokoan

Hala ere, Lukineko herriarentzat San Marcial aterpearen etorkizunak berebiziko garrantzia du. «Guretzat funtsezkoa da, garrantzi handikoa, baina ulertzen dugu Irun bezalako udaletxe bati ez diola arduratzen, ez du presarik», argitzen du alkateak. Baina urteak joan urteak etorri, abandonu egoeran jarraitzen du. «Egunen batean, azkenean okupatu egin beharko dugu», dio brometan.

2005ean aterpetxea betiko itxi bazuten ere, Irungo azken arrastoa, sarrerako kartela da gaur egun. 

Bidenabar, Nafarroan bertan azken urteetan gertatutakoak kezkatzen ditu. Deierrin, 19 herri txikiz eta 1.566 biztanlez osatutako haranean, frankismoari eta ultraeskuinari lotutako talde bat finkatu baita. Maestro Avila fundazioak Argiñanoko eskola erosi zuen duela hamarkada bete, eta alarma areagotu egin zen iaz Abartzuzako komentua erosi ondoren. Horrek kezka sortu du kolektibo honek tokiko elkarbizitzan eragin lezakeenagatik.

Joan den azaroan Herri Antifaxistak plataformak “sekta ultrakatoliko” honi aurre egiteko antolatutako manifestazioak mila lagun inguru bildu zituen han. «Nork esaten digu ez dela Lukinen horrelako zerbait gertatuko? Eta zer egingo dugu herrian orduan?», galdetzen du. Izan ere, halako kolektibo batek 50-100 lagun inguru instalatu ditzake bertan, eta Lukinen 144 biztanle besterik ez dira.

Alkateak dio, 2005eko uda arte, 200ndik gora haur irundar pasa ohi zirela urtero, herria algaraz biziaraziz eta euskarak plazak hartuz. Eta garai oparo haietan bisitariak herria suspertzeko balio izan zutenez, beso-zabalik hartzen zituzten bitartean, oraingoan Irungo Udalak Lukineko aterpetxearekin agertu duen ahanzturaren ondorioz, herriaren etorkizuna baldintzatu dezakeen erronka baten aurrean daude.

Nolabait ere, Irungo hiriak Lukineko herriarekin zorra historiko bat duelakoan dago. Bi udalerriek izan zuten harremanaren izenean ez bada, irundarren jabetzakoa den herriko zati koxkorragatik, edota irundar askoren uda kuttunen memoriak han gordetzen dituztelako, aterabide bat eskertuko lukete lehenbailehen.