Udako landaketa kanpaina hasi dute Irungo lorategietan

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 4a

Maiatzaren 6an, erretiratutako neguko loreak herritarrei oparituko dizkie udalak. Laugarren urtea da landareei «bigarren bizitza bat emateko» helburua duen banaketa antolatzen dutela, eta iragarri dutenez, goizeko 10:00tik aurrera, Luis Marianoko turismo-bulegoaren alboan 6.000 landare inguru oparituko dituzte. Meakako Udal Mintegian hazitako 28.000 bat landare ordezkatuko dituzte hirigunean, udako lore koloretsuekin.

Gaur hasi dira Irungo lorategi eta hiriguneko berdeguneetako loreak ordezkatzen. Neguko landareak kendu eta udako 27.800 landare inguru landatuko dituzte datozen egunetan, denak Meakako Udal Mintegian hazitako landareak dira. Izan ere, Gipuzkoako udalerri bakarrenetarikoa da Irun, hiriko berdeguneetako landaredia propio sortutako zerbitzu batekin hornitzen duena. Kasu honetan, Gureak enpresako langileek egiten dute lan hori. Gorka Alvarez, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako udal ordezkariak azaldu duenez, «helburu bikoitza du, KM0 loreak ditugu, baina balio sozial garrantzitsua du ere». Kontuan hartu behar baita, Gureak enpresan zailtasunak dituzten pertsonei lan munduratzeko aukera eskaintzen diela. 

Eta badute lana. Irungo hirigunean 1.000.000 metro koadrotik gora berdegune kudeatzen baititu udalak. Baina erdiguneko lorategiak izango dira aurrenekoak landaketa kanpaina honetan. Udalak argitu duenez, Luis Mariano eremuan hasi dira, eta bertan 4.500 salbia gorri (Salvia splendens) landatuko dituzte.

Era berean, San Juan plazan lore-sortak (dragoi begonia eta eguzki alegria gorriak) landatuko dituzte, 1.700 ale inguru, eta Zubimuxu plazatxoko biribilgunean espezie koloretsuetako 3.200 ale; ageratumak, eguzki alegriak, begoniak, lobeliak eta xingolak. Gorka Alvarezek nabarmendu duenez, «udako landaketa kanpaina hiriko auzo eta txoko guztietara» zabalduko dute gero, eta aipatutakoez gain, alegria, bidensak eta landare bereziak ere hazi dituzte Meakako berotegietan, kantitate txikietan, altuera edo ukitu berezia emateko. Hala nola, koleoa, kleomea, penisetuma, portulaka, berbena... Espezieak ez dituzte ausaz aukeratzen. Klima aldaketa kontuan hartzen dutela baitio Alvarezek. «Zuhaitzekin bezala, klimari hobekien egokitzen diren landareak probatzen goaz, iraun dezaten eta mantenu txikiena eskatzen dutenak», argitu du.

Aipatutako landaketarekin batera, maiatzaren 6an erretiratuko dituzten neguko loreak herritarrei oparituko dizkie udalak. Laugarren urtea da Irungo Udalak ekimen hau antolatzen duela, eta bizirik dauden landareak direla kontuan hartuta, «bigarren bizitza bat emateko» helburua dute Alvarezen arabera. Banaketa datorren maiatzaren 6an izango da, asteazkenarekin, goizeko 10:00tik aurrera, Luis Marianoko turismo-bulegoaren alboan. Iragarri dutenez, 4.600 landare inguru banatuko dituzte, eta 2.000 tulipa inguru.