Irungo Merka2dasoa azokan postua jartzeko epea ireki du Txinzerrek

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 5a

2014az geroztik Txingudiko Zerbitzuak antolatzen duen bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela erakutsi du. Urtean tona bat hondakin inguru saihestu dituzte urteotan. Berandu baino lehen erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza emateko erreferentziazko merkatuaren hurrengo edizioa maiatzaren 23an egingo dute Irungo Zabaltza plazan.

Txingudiko Zerbitzuek Merka2dasoaren edizio berri bat antolatu dute, herritarren artean kontsumo ohitura arduratsuagoak sustatzeko, eta berrerabilera bultzatzeko asmoz. Izan ere, normalean hondakindegian amaitu ohi duten objektuei bigarren bizitza bat emateko aukera ematen du bigarren eskuko azoka honek.

Datorren maiatzaren 23an Irungo Zabaltza plazan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. Parte hartu nahi duten pertsonek bigarren eskuko objektuak saltzeko postua eskatu dezakete www.txinzer.eus webgunean horretarako eskuragarri dagoen galdetegiaren bidez. Izena emateko epea maiatzaren 16ra arte egongo da zabalik. Baina lekurik balego, epea maiatzaren 20ra arte luzatuko lukete.

Txingudi Zerbitzuek argitu dutenez, salmentan jartzen diren artikulu guztiek erabilitakoak eta egoera onean egon behar dute. Eta dituzte stock-eko produktu berririk, edo espresuki azokan saltzeko egindako eskulanak, bitxigintza edo helburu horretarako sortutako artelanak.

Postua jarri beharrik gabe ere parte hartu daiteke Merka2dasoa azokan. Aurreko edizioetan bezala, gordailuko salmentarako gune espezifiko bat izango baita. Bertan, edonork gehienez 10 objektu erregistratu ahal izango ditu, eta antolakuntzak haien kudeaketa eta balizko salmenta bere gain hartuko ditu. Horretarako, nahikoa izango da egunean bertan informazio gunera hurbiltzea.

Sendotutako azoka

Txinzerrek gogoratzen duenez hondakinen sorrera murrizten laguntzeko hitzordu eraginkorra dela frogatuta dago. Izan ere, urtero bost Merka2dasoa azoka antolatzen dituzte, hiru orokorrak (mota guztietako bigarren eskuko objektuekin), eta beste bi bizikleten salerosketarako zuzendutakoak. 

Txingudiko Zerbitzuek azken urteetako edizioetan egindako azterketen arabera, azoka bakoitzean 800 bat produktu salerosi ohi dira, batez bestean 300 kilo hondakindegian amaitzea saihestuz. "Liburuak, elektrika-tresnak, altzariak, jostailuak... denetarik izan daiteke, normalean trastelekuan gordeta eta berandu baino lehen zaborretan bukatzen duen horri bigarren aukera bat eman, eta bide batez, saltzen duenak diru bat berreskuratzen du", azpimarratzen dute Txinzerreko antolatzaileek. Horiek hala, azoketan parte hartzera animatzen ditu bidasotarrak. Urtero tona bat baino gehiago hondakin aurrezten baitira eskualdean ekimen honi esker.