Irungo Udalak eta Hezten enpresak 'Haurrak Parkean' egitasmoaren maiatzeko eskaintza antolatu dute. Oraingo honetan ere, jolas dinamizatzaileak Irungo hainbat parke eta plazatan proposatuko dituzte haurren euskararen erabileran eragiteko helburuarekin.
Udazkenean eta udaberri hasieran ere antolatu zituzten azken saioetan parte hartzea nabarmena izan zela aditzera eman du Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak. Programaren urriko txandan 292 haurrek eta 90 helduk parte hartu zuten bitartean, martxoko parte-hartzaile kopurua ere 380 ingurukoa izan baitzen.
Erabiltzaileek gogotik hartzen dute ekimena. Izan ere, txanda bakoitza bukatutakoan galdetegi txiki bat ematen zaie gurasoei programari buruzko iritzia eman dezaten. Eta gurasoek oso modu positiboan baloratzen dute ekimena, eta euren auzoko saioan ez ezik, parkez parke errepikatzen duenik ere bada. Josu Iguiñizek, familiak parte hartzera animatu ditu, "ondo pasatzeaz gain, familiako hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko egitasmoa" delako. Horregatik, egitasmo hau antolatzen jarraituko dutela azaldu du.
Hurrengo hitzorduak maiatzean izango dira. Zehazki, hilaren 6an, 13an, 20an eta 27an (asteazkenetan) Nagore Laffage parkean eta Partxis parkean. Baina eguraldi txarra eginez gero, Alzukaitz kaleko Toki Alai ikastetxeko patio estalian egingo lukete Palmera Montero auzuneko saioa.
Bestalde, ostiraletako saioak, maiatzaren 8, 15, 22 eta 29an Sargia parkean eta Oinaurreko parkean antolatuko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, Oinaurreko aterpean bertan arituko diren bitartean, Sargiakoa frontoira lekuz aldatuko lukete.