Baserria, giza harremanak eta lanbidea ditu ardatz Harakinaren Alaba nobelak. Eta hausnarketa sakonak egiteko gonbidapen bat ere bada Yurre Ugarte egilearen arabera. Aipatu digunez, Covid-19 pandemiaren ondoren «gaur egun edonori gerta dakiokeen sentsazio batek bultzatutako istorioa» kontatzen baitu. Izan ere, 40 urteko Alex Garmendia da protagonista, eta bizimodu eraldaketa baten beharra duela erabakitzen duen mementotik, «naturara gerturatzeko beharra, eta aplikazioen bidez ligatzeari uko eginda, harremanen inguruan hausnarketa bat ematen da nobelan». Yurre Ugartek azaldu digunez, norberaren eraldaketaz mintzo da. Protagonista istorioaren narratzailea bera da, arrakasta handiko 40 urteko idazlea. Alex Garmendiak «gidoiak txurroak bezala idazten ditu, eta kokoteraino dagoenez planto egin du», kontatu digu egileak, «baina hemendik aurrera eraldaketa bat behar duela, eta beti bezala idazteari, eta irudimenaren ustiatze kapitalista horri uko egitea erabakitzen du», dio Ugartek.
Alde horretatik, eraldaketa horretan lagun minari ere planto egin behar dio, eta ez da ausartzen. Eta barne borroka horretan, etxe aldaketa batek ere ardazten du istorioa. Baserritar harakin baten eta kantari ye-ye baten alaba da Alex Garmendia protagonista, eta gurasoak pandemia garaian hil ondotik hausnarketa bat egiten du. «Bizimodua aldatu nahi dut, ez dut soilik dirua irabazteko idazten jarraitu nahi» esaten duela argitzen du Ugartek.
Kontatzen duen istorioa «gaur egungo garaiaren girokoa edo irudikoa da» dio egileak. Ugarteren arabera, jende asko baitago gaur egun bere nobelaren protagonistak bizi duen dilemaren aurrean. Eta are gehiago pandemiaren ondoren marraztu dugun egungo gizarte honetan. «Pentsatzen genuen zerbait ikasi zela, baina gaur egun muturrera eramanda dago dena, eta asko gara ezin dugula horrela jarraitu pentsatzen dugunak». Hala ere, umoreari eutsi nahi izan dio Harakinaren alaba liburuan. «Ironia apur bat badu, ez dut uste garraztasunik dagoenik», pentsatzen du.
Nolanahi ere, pandemia aipatzea garrantzitsua zela dio. «Pertsonaia honek behar izan zuelako horrelako abagune edo konfinamendu bat bere ama birdeskubritzeko, eta burbuila hura eman ez balitz, ez luke orain ikusten duen begiekin begiratuko». Beretzat pertsonalki pandemia denbora «tarte arrunta» izan zela azpimarratzen du Yurre Ugartek, etxean lan egitera ohitua dagoelako, eta Lilurabera (Alberdania, 2020) ipuin bilduma bukatzeko probestu zuen garai hartako etxeratzea. Baina bizipen haietan erein zuen, jakin gabe beharbada, gerora ernalduko zen Harakinaren alaba eleberriaren hazia.
Harremanak, umorea, bizitza erritmoa eta erronkak, naturaren beharra, emozioak eta ajeak... elementu asko uztartzen dituen eleberria dela azaldu digu. Eta bizimodu azkar honetan, atseden edo pausa txiki bat egiteko gonbidapena luzatzen die bidasotarrei, maiatzaren 9an, Oiasso Museoan egingo duen liburuaren aurkezpenera hurbiltzeko. Eguerditan izango da, ate zabalik.