Azken urteetan ospatutako Irungo Sagardo Egunik jendetsuena

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 11

Urdanibia plazan bildutako 10 sagardotegiek botila guztiak agortu zituzten larunbatean, eta ohiko erromeria giroaz gain, haur eta familia ugari ere bildu zituen aurtengo edizioak Bidasoako Erraldoiak lagunduta. Los Trankilos txarangarekin borobildu zuten festa. Eta aurtengo edizioak Taupadak GKEak Boliviako Amazoniara ur edangarria eramateko proiektuari laguntza ekarri badio, sagardoaren atzean dagoen lana, lurren defentsa edota gure ekosisteman ezinbestekoa dugun erle beltzari buruz hausnartzeko aukera eman dezan nahiko lukete antolatzaileek hurrengo edizioetan. 

3.600 sagardo botila. Dena agortu zuten larunbatean Irungo Sagardo Egunean parte hartu zuten Gipuzkoa eta Bortzirietako 10 sagardotegiek. Irungo beste hainbeste auzo eta kultur elkarte zein elkarte gastronomikoen laguntzarekin, gazte, heldu eta familiek ere gainezkatu zuten Urdanibia plaza. Izan ere, Auntxa Trikitixa Eskolak plazan eskainitako ohiko erromeria giroarekin batera, aurten plaza inguratzen Bidasoako Erraldoien presentziak ere, txikienak erakarri ditu Sagardo Egunaren 28. ediziora. 

Urtero bezala baina, Taupadak GKEak Boliviako Amazonian martxan dituen garapen proiektuak diruztatzeko helburua izan du aurtengoak ere. Alde horretatik, «sagardo egun soila baino gehiago da» Jokin Melida, Taupadak erakundeko kidearen ustetan. San Ignacio de Moxos eskualdean ur edangarria etxeetara eramateko proiektua garatzen ari dira une honetan, eta horretara bideratu dituzte Irunen bildutako aurtengo irabaziak. «Toño Puerta irundarra han bizi da aspaldi, eta han dugu erakundeko proiektuak lantzen, beraz segurtatu dezakegu diru guztia iristen dela», nabarmentzen du Melidak. 

Baina helburu solidarioaz harago, euskara eta euskal kultura Irungo plazara eramateko ere antolatzen da Sagardo Eguna. «Ez ditugu Irunen euskal hitzordu gehiegi urtean zehar, eta ondo zaindu behar ditugu», dio Taupadak erakundeko ordezkariak. Alde horretatik, aurten bigarrenez, Antxeta Irratiak eta Betti Gotti euskara elkarteak hartu dute antolaketaren ardura. Eta Betti Gotti elkarteko Joxeja Zabalok dioenez, «urrats txikiak eman ditugu, baina hitzordua sendotzeko asmo handiak ditugu aurrera begira». Izan ere, euskara eta euskal kultura, sagardoaren sektoreak gure ingurumenean eta baserri munduan duen eraginarekin lotua dagoela uste du. Eta beraz, sagardogileen lana eta lehen sektorea ere balioan jarri beharra dago horrelako egunetan. «Ez gara ohartzen, baina sagarrondoen loratzearekin batera, sagardoaren atzean baserritarren lana, nekazal lurren babesa, kupeletako egurra, eta oinarrian dagoen erle beltzaren polinizazioak gure ekosistemari egiten dion onura ez da nahikoa kontuan hartzen», dio Joxeja Zabalok. Horregatik, hurrengo edizioetara begira, kirikoketa, kupelen eskulangileen lana, artisautza edota erlezainen elkarteek eta erlauntzen garrantzia plazara ekartzeko asmoa iragarri du antolatzaileak. 

Txomin Lizaso, Usurbilgo Urdaira sagardotegiko nagusiak, 8 hektarea inguru kudeatzen ditu gaur egun, eta Sagardo Eguna beharrezkoa dela ulertzen duelako parte hartu du Irungo hitzorduan. «Hala ere, sagarrak biltzen aritu eta gero, sagardo botilak hasi eta amaitzeko direla» gogoratu du, «guretzako urrea da hori, eta ezin da pixar bat ere utzi». Inguruko baserrietako sagastietatik ere hornitzen ditu bere kupelak.

Hernaniko Larregain sagardotegiko ordezkariaren ustez Sagardo Eguna hausnarketarako eguna ere beharko luke. «Jende tartera etortzea garrantzitsua da, eta plaza beteta dagoenean denak ez dira ohartuko atzean dagoen lan guztiaz», dio sagardotegien lana ez dela erraza gogoratuz, «Lan handia eskatzen du eta, lehia baino, elkarrekin lan egitea inportantea da, Sagardo Egunak ere horretarako balio du ekoizleak elkartzeko», azpimarratzen du. 

Dena dela, sektoreak eragiten duen ekonomia zirkularra ere balioan jarri behar dela uste dute sagardogileek. «Sagardoaren atzean ekonomia bat dagoela agerikoa bada ere, giza harremanetan zentratuko nuke, baserritar bati mila kilo sagar erosiko dizkiozu, baina harreman zuzena dago oinarrian», kontatzen du Larregain sagardotegiko kideak. Zentzu horretan, ekoizleek lurrak babesteko eta gordetzeko egiten duten lana ere garrantzitsua da bere ustez. «Hernani inguruan, Osinaga auzoan AHT proiektua dago, eta Ereinotz auzoan ere eolikoen parkea egin nahi dute, gure lurrak mehatxatzen dituztenak, autobideak ere daude ezker-eskuin inguratzen, eta azkar joan nahi dugu bidean, baina kontuan hartu beharko litzake lurrak ezinbestekoak ditugula», aldarrikatzen du.

Bakoitzak bere astoari arre. Eta askok Los Trankilos txarangarekin borobildu zuten Urdanibia eta San Juan plaza inguruetan, aurten edalontzia erosi eta nahi adina edateko aukera eman duen Sagardo Egunean. Baina hurrengo urteetarako hitzordua sendotu eta indartzeko asmoa dute antolatzaileek.