Korrika amaitu berritan iragarritako "Korrikaren 12. Eguna" osatzen hasi ziren apirilaren 22an Euskal Herriko AEKren 100 bat euskaltegitan. Ordubeteko doako eskola eskaini zuten Irungo AEK euskaltegian ere, «oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat». AEKko koordinatzaileak orduan azaldu zigunez, «jende askok ez daki ongi zer den euskaltegi bat, eta AEK zer den, eskola formala irudikatzen dute agian, baina aurreiritziak eta beldurrak apurtzeko eta AEKk euskara nola irakasten duen erakusteko aukera eman nahi izan dugu». Korrikaren hauspoa baliatu nahi izan zuten ekimen honekin, normalizazio prozesuan hurrengo urratsa egiteko.
Baina irakaskuntzari lotutako atal hori behin eginda, orain erabilerari dagokiona dator. Maiatzaren 21n Bidasoko Mintzodromoa antolatu dute Irungo San Juan plazan. Eta azkeneko Korrikak Irunen eta Hondarribian piztutako harrotasuna plazara ekarri nahi dute berriz. Maider Ugarte, AEKko kideak dioenez, «aurreko edizioa Irundik hasi izanak eragin du ere, eta aurtengoa olatu horren jarraipena izan dela uste dugu».
Izan ere, joan den martxoan eskualdean bitan, eta bietan ordu txikitan pasatu zen Korrika gure eskualdetik. Baina erantzuna bikaina izan zen. «Pozik, txoratzen gaude Irunen auzoek hartu duten ardura eta egin duten lanarekin Korrika Eguna antolatzeko, eta Hondarribian ere, jende guztia mobilizatu du», azpimarratzen du.
AEKko ordezkarien ustetan, «oro har ikusten da gizartean badagoela euskararen aldeko atxikimendu bat». Eta hori baliatu nahi dute oraingoan ere. Euskal Herriaren luze-zabalean 70 mintzodromo antolatuko dituzte, eta eskualde mailako Mintzodromo arrakastatsua izan dadin, parte hartu nahi duen orori deia luzatzen diote. Irungoak 10:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 19:30era antolatu dute. Hitzordua Irungo San Juan plazan eman dute, baina euria eginez gero AEK euskaltegira lekuz aldatuko lukete. Hala ere, Maider Ugartek argi du euskarak plaza hartzeko ekimen kolektiboa dela. «Ideala litzateke Irungo udaletxeko plaza, erdigunea, euskaratik kolonizatzea, okupatzea», dio.
Argitu dutenez, gai anitzak landuko dituzte, eta ohiko den bezala solasaldirako taldeak osatuko dituzte. Era berean, arratsaldeko saioan "Hikadromoa" ere izango da, hitanoa landu nahi duenarentzat. Izena emateko: Irungo AEKko euskaltegitik pasatu, irun@aek.eus helbidera idatzi edo 688746633 telefono zenbakira deitu besterik ez da egin behar.