Muguruzarentzat bigarren edizioaren albistea «pozgarria» dela jakin dugu eta publikoaren erantzunaren berri ere eman digu idazleak: «hainbatek diote egonaldi bat egin dutela Mokkan, sentitzen direla Albertoren lagunak».
Musikari moduan ibilbide oparoa izan du Jabier Muguruzak. Bai bakarlari moduan, baita talde ezberdinetan aritu ostean ere. 2026 honetan irundarraren bertze fazeta bat ezagutu ahal izan dugu. Entsegu-nobela moduan sailkatu dezakegun lan batekin estreinatu baita literatura munduan. Hala eta guztiz ere, idaztea ez zaio arrotz suertatzen Muguruzari. Lehenago ere idatziak zituen narrazioak helduentzat, baita umeentzat ere. Halako batean idatziak «luzatzen» joan zitzaizkion. «Nahi nituen gauza batzuk esan beste ikuspuntu batekin, beste gaien inguruko iritziak erakutsiz». Luzatzen joan ziren idatzi hauek, azkenik, forma hartu dute Albertoren Café Mokkan. Idatziak elkartzeko «dispositibo» baten beharra zeukan idazleak. «Betiere baliatuz solasaldia, gai ezberdinen inguruko debateak eta eztabaidak».
Alberto eta Jabier, Alter Egoak?
Muguruzaren testuak lehen pertsonako kontakizun intimo eta ironikoa eskaintzen du. Alberto protagonistak, daukan lanbidearekiko pasioa transmititzen du, harreta jarriz lanbideak luzatzen dion eguneroko kuttunenean: bezeroekin elkarbanatutako solasaldietan. Entzule aparta dugu Alberto, baita iritzi emaile sutsua ere.
Jabier eta Albertoren artean «zalantzarik gabe antzekotasunak» daudela aitortu digu idazleak. Gakoa ez da «idazlea Alberto bera ote den edo ez» asmatzea, baizik eta idazlea bera «nobelan zehar ageri dela» sumatzea. Hori aitortu izan diote bederen irakurleek Muguruzari.
Pandemiaren aurreko garai zehatz batek, Muguruza «markatu» zuen. «Hortik aurrera hasi nintzen gauza batzuk ezberdin samar ikusten. Nik uste hori dagoela islatua liburu honetan. Badago ikuspuntu bat eta hor bat datoz Alberto eta Jabier. Badago ikuskera amankomuna bizitzari buruz, hainbat gairi buruz».
Gaiak eta iritziak
Dokumentazio lan handia egon da iritzi desberdin hauek formulatzeko orduan. Gainera, iritzia ematearen nahia ere aitortu digu Muguruzak. «Hor badago joera bat oso nirea dena. Nire ikuspuntua plazaratzearena. Kosta egiten zait isilik egotea. Gero eta zalantza gehiagorekin; inportantea da hori. Ez egotea gotortua ideologia baten arabera zerbait esatera. Hori oso pobrea iruditzen zait. Orain nire posizioa desberdina da. Ate batzuk irekitzea da asmoa, zer pentsatua ematen badizu, ondo».
Iritzia noski, gai baten inguruan eman behar da. Café Mokkan azaltzen zaizkigun gaiak ez dira ez gai sinpleak. Mundu garaikidean jorratzen diren debateetan saltseatzea gustatzen zaio Albertori. Eta iritzi bat partekatzen denean, orduan bilakatzen da agian, eraginkor. Albertok baditu bezero leialak: euskaltegiko irakasleak, edo kabinete psikologiko bateko kideak, besteak beste. Horietako batzuekin badu feeling bat, eta protagonistak beraiekin partekatuko ditu ideiak. Modu batean edo bestean, Muguruzak ere badu lotura estua mundu hauekin, adibidez, euskaltegiarekin:
«Ni ibilitako munduak dira, ikasle eta irakasle euskaltegian. Maite ditut mundu horiek. Gauza batzuekin ados nago, batzuk ez ditut izan hain gustuko, eta horiek ere azaltzen dira hor. Adibidez euskal mundua. Joera batzuk ikusten ditut nire gustukoak ez direnak, banuen gogoa esateko. Ez modu agresiboan ezta oldarkorrean ere. Nire ikuspuntua da»
Esan ezin direnak, biktimizazioa, indarkeria, sexua, generoa, trans auzia haurtzaroan, suizidioa, maitasuna eta askatasuna. Gai potoloak. Café Mokkan aipatzen direnak. Bizkarra ez emateko moduko gaiak.