Oporretan euskararen haria eten ez dadin Udagiro programa antolatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 15a

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak ‘UdaGiro’ programa martxan jarri du aurten ere. Atzerritik eta beste erkidegoetatik iritsitako haur eta gazteek, udako opor garaietan euskararekin harremana galdu ez dezaten, doako euskara errefortzuak eskaintzen dizkie udalak 2007az geroztik. Aurten zazpi talde osatuko dituzte, eta Herri Jakintza euskaltegian burutuko dituzte saioak, uztailaren 6tik 24ra eta abuztuaren 3tik 21era.

Beste herrialde edota Espainiako estatuko beste erkidego batzuetatik etorri berri diren, eta euskararekin zailtasunak dituzten haur eta gazteei euskara errefortzuak eskaintzen dizkiete Irunen udako opor garaietan. Herri Jakintza euskaltegiaren laguntzarekin 2007an proba gisa antolatzen hasi ziren ekimenak arrakasta lortu du. Eta migratzaileen kopurua emendatzen joan den heinean, gazte askorentzat ezinbestekoa bilakatu da ikasturtean zehar eskolan ikasitako euskara ez galtzeko. 

Izan ere, ikasleen %95 euskaraz eskolatua dela kontuan hartuta, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten atzerritik iritsitako ikasleek atzean gera ez daitezen, udan ere euskara ikasi eta praktikatzeko doako programa hau eraginkorra dela dio Herri Jakintza euskaltegiko zuzendari Gema Urtizbereak. Udalak lagunduta euskarazko klase ludikoen bidez lortzen dute hori. Eskolarik gabe, udako oporretan euskararekin harremanak etenik ukan ez dezan, eta euskara integratzeko tresna bilakatzeko ere.

Gema Urtizbereak azaltzen duenez, «saio dinamikoak dira, eta helburua da euskaraz ahal den gehiena mintzatzea». Hala ere, iritsi berriak diren gazte askok ez dute gutxienezko euskara maila horretarako, eta dinamika gaztelaniaz edota ingelesez ere bideratu beharretan daude batzuetan. Gogoan hartu behar da, Irunen 64.500 biztanle daudela, eta %36 ez da Euskal Herrian jaioa. Ororen %17a gainera, atzerriko jatorria du gainera. 

Hartara, uda hasieran mailaketa proga egiten diete, eta hiru maila ezberdinetan antolatzen dituzte taldeak. Aurtengo Udagiro programa uztailaren 6tik 24ra, eta abuztuaren 3tik 21era egingo da goizeko bi txandatan, eta zazpi talde osatuko dituzte guztira. Programa doakoa da, eta bi baldintza besterik ez dira bete behar. Batetik, ikasturte honetan edota 2024/2025ean Irunera iritsi izana, eta bestetik LH5etik gora Irungo hezkuntza zentro batean eskolatua egotea. Izan ere, LH5 eta LH6 ez ezik, DBHko ikasleei ere zuzenduta dago. Izena emateko epea maiatzaren 18tik 22ra irekiko dute Irungo Udalaren webgunean