Irungo Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamenen zerrendan, bizikletentzako aparkaleku gehiago, eta hauek babestuak izan daitezen eskaera urtero errepikatzen da. Bizikletaren aldeko kolektiboen aldarrikapen historikoa da honakoa, baina ez da orain artean partida orokorrean onartua izan. Gure inguruko hirietan giltzapeko aparkalekuak egin izan dituzte Donostian edota Baionan. Aldiz, Irunen oraindik ere ez dute horrelako urratsik egin.
Haatik, 2025eko Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen gazteen prozesuan, Martindozenea Gaztelekuan bizikletak aparkatzeko gune estali bat proposatu eta onartu egin zuten. Hartara, hamabi plazako markesina bat ezarri dute. Irungo Udalak instalatzen duen bizikletentzako hiriko lehenengo udal aparkalekua da honakoa, eta guztira 20.172 euroko inbertsioa egin dute. Martindozenea Gaztelekuaren fatxada nagusiaren pareko lorategian jarri dute, eta Obrak, Mantentzea eta Azpiegituren ordezkari Gorka Alvarez, eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek azaldu dutenez, «mugikortasun jasangarria sustatzeko lehenengo aparkaleku estalia besterik ez da hau».
Bistan denez, halako gehiago jartzeko asmoa du udalak, izan ere, proiektua Irungo Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburuekin bat dator. 2024an onartu zen plana, eta bere helburuen artean bada eguneroko garraiobidetzat bizikleta erabil dadin bultzatzea. Zehazki, hiriko bidegorri sarea hobetzea, leku estrategikoetan bizikletak aparkatzeko toki erosoak, seguruak eta integratuak ezartzea aurreikusten du.
Alde horretatik, markesina berria hormigoizko lauza baten gainean jarri dute, Martindozenea Gaztelekuaren fatxada nagusiaren pareko lorategian. Eta azaldu dutenez, aterpearen azpian integratutako argiteriak presentzia sentsorea du, eta argiztapen sare publikora konektatuta dago.
Martindozenea Gaztelekua bereziki egokia da instalazio berri hau instalatzeko udal ordezkarien arabera. Gazteak, familiak eta Oñako Baroia lorategien erabiltzaileak ibiltzen dira inguruan, eta gainera, hiri-erdira doan bidegorritik gertu dago, Elizatxo hiribidean. Bidegorri horrek gaztelekutik Pio XII.a plazara eta Lapitze, baita Katea auzoak ere lotzen dituela nabarmendu dute.