Irungo Udalak 70.000 euroko laguntza eman du Europako OCR Txapelketa hirira ekartzeko

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 27a

Irunen ospatuko den Europako OCR Txapelketari buruz atzodanik bileratan aritu dira agintariak Israelgo taldeen presentziak eragindako polemika dela eta. Baina Irungo Udalak, palestinar herriaren aldeko posizionamendu politikoa adierazteaz harago, kirol lehiaketaren antolakuntza bere eskumenetan ez dagoela aditzera eman du. Eta beraz, Israelgo taldeen partehartzeari betorik egin gabe ospatuko da txapelketa. Europako OCR Federazioak antolatzen badu ere, Irungo Udalak 70.000 euroko dirulaguntza zuzena esleitu zion maiatzaren 22an Espainiako OCRA elkarteari antolakuntzarako.

BDZ Euskal Herria herri plataformak maiatzaren 28tik 31ra Irunen ospatuko den OCRko Europako Txapelketan talde israeldar sionisten parte hartzea salatu zuen astelehenean. Baina Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzun epela ikusita, Euskal Herriko OCR kirolariak eta Irun Palestinarekin taldea ere batu zaie dagoeneko. Eta Palestinaren aldeko kolektiboek Irunen mobilizatzera deitu dute datozen egunetan. Datozen orduetan agerraldi bat ere iragarri dute.

Antxeta Irratiak jakin izan duenez, gaur bertan zenbait militante identifikatu dituzte lasterketaren eremuak diren Irungo erdiguneko kaleetan pankartak jartzeagatik. Bistan denez, kartelak jartzen ari zirela bortizki inkrepatu die antolatzaileetariko batek, eta «polizia mordoa agertu da eta bi pertsona identifikatu dituzte ordena publikoaren nahasmendua egotzita», argitu dute. 

Israeli boikota, desinbertsioa eta zigorrak aldarrikatzen dituen kolektiboak aditzera eman duenez, ekitaldi honen babesleak Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia direla aintzat hartuta, «ez da onargarria» Israel Elite eta Israel Youth taldeek maiatzaren 31n lau txanda ezberdinetan parte hartzea.

Gogoan hartu behar da, Irungo Udalak txapelketa diruz lagundu egin duela. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, maiatzaren 22an bertan esleitu zuen antolakuntzarako 70.000 euroko dirulaguntza zuzena (OCRA) Espainiako Obstacle Course Races elkartearen izenean. Lehiaketa publikorik eta iragarpen publikorik gabe esleitutako dirulaguntza izan da honakoa, eta eskatzaileak ohiko deialdien irizpideen araberako balorazioan 0 puntu jaso zituen (prezio, berdintasuna, diziplina araudia eta abar).

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako kontratazio mahaiaren atariko informazio publikoa da, CPV 92622000-7 kodigoarekin. Eta agiri ofiziala kirol ikusgarrien antolakuntza zerbitzu gisa izendatua badago ere, berez, zerbitzu artistiko-kultural bezala sailkatu zuten esleipena zuzenean egin ahal izateko.  

Horrenbestez, tokiko agintariei ekitaldi honen babesa eta laguntza ekonomikoa kentzeko exijitu diete, eta «Israelgo armada genozidaren irudia zuritzearen konplize izateari uzteko». Lehiaketaren antolatzaile den European Obstacle Sports Federation-i ere israeldar taldeen parte-hartzea kentzeko eskatu diete. Baina tokiko agintariek kirol lehiaketa haien eskumenetik kanpo dagoela argudiatu dute, eta posizionamendu politikoa argitzeaz harago, txapelketa ahalik eta modu baketsuenean pasatzea espero dutela aditzera eman du Irungo Udalak. 

Goi mailako txapelketarako dena prest Irunen

Bien bitartean, OCR edo Obstacle Course Race (oztopo lasterketa) kirolaren Europako txapelketa Irunen jokatzeko dena prest dute. Joan den asteburuaz geroztik, Irungo erdigunean, Meaka, Olaberria edota Josu Langilearen futbol zelaian ere oztopo zirkuitoen montaketa lanak egin dituzte. Alde horretatik, San Marcial eta Dunboa-Eguzki bezalako futbol klubetako taldeen entrenamenduak lekuz aldatu behar izan dituzte bortxaz aste oso batez, txapelketaren erdiguneetako bat haien futbol zelaia izango baita. Hain justu, gaur goizean Irungo Udal agintariek aurreikusia zuten aurkezpena kirol instalazio hauetan egitekoak ziren.  

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, lehen aldia da halako txapelketa bat Espainiako Estatuan jokatzen dela, eta Irunen kirol honek azken urteetan bizi izan duen loraldia dela eta, udalak ahaleginak egin ditu hitzordua hirian antolatua izan dadin. Orotara 28 herrialdetako 2.573 atleta elkartuko dira Irunen lau egunez. Eta OCRa modan dagoen kirola bada, Los Angeleseko 2028ko Joko Olinpikoetan diziplina ofiziala izango da aurreneko aldiz. Irungo Udalak iragarria duenez, OCR Txapelketa honek, 2.500 kirolariez gain, haien talde teknikoak, senideak eta zaleak erakarriko dituenez, tokiko ekonomiarentzat bultzada suposatuko du.