'Beti itzultzen naizen tokia' lelopean Irungo dendak suspertzeko kanpaina berria abian jarri dute

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 28a

Urte bukaera arte sare sozialetan kanpaina egingo dute Irungo Udalak lagunduta, baina euskarri digitalean oinarritutako kanpaina izango bada ere, merkatarien eta bezeroen arteko aurrez aurreko harremanak balioan jarri nahi dituzte, auzoak biziarazi eta bezero eta saltzaileen arteko konfiantzazko harremanak aldea egiten duela oroitaraziz.

Irungo Udaleko Hiri Bultzadarako arloak tokiko merkataritza suspertzeko kanpaina berria aurkeztu du. Euskarri digitalean (sareetarako) oinarritutako kanpaina izango bada ere, merkatarien eta bezeroen arteko aurrez aurreko harremanak balioan jarri nahi ditu. Nuria Alzaga alkateordeak azaldu duenez, «Irungo komertzioaren atzean pertsonak daude, irundarrak, eta bezeroarekin konfiantza harremanak sortzen direnez, gure nahiak eta beharrak ezagutzen dituzte».

Alde horretatik, erronka handia dute merkatari txikiek. Irungo hiriak, historikoki polo komertzial garrantzitsua izan bada ere, 2011 urtean 1.086 establezimendu aktibo zituen bitartean 2024an 765 besterik ez ziren martxan. Eta Gipuzkoan oro har, merkatari txikien galera %28koa izan da batez bestean epe berean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken azterketen arabera, lurraldean egiten diren erosketen %25 baino gehiago Internet bidez egiten dira, eta gipuzkoar helduen %90ak Online erosi du noizbait. Irungo Udalak urteotan Irunmarket ekimenarekin tokiko establezimenduen Internet bidezko salmenta plataforma sortu du ere, «teknologia berrietara egokitu beharra dagoelako nahitaez», baina tokiko merkataritzak hiriko auzoak biziarazteko tresna diren heinean, «Interneta osagarri bat besterik ez da». Bizikleta bidezko banaketa bermatzen duen Badoa kooperatibak egiten ditu erosketa horien banaketa.

Udalak merkatariekin lankidetzan abian jarri duen kanpainak hurbileko merkataritza eta tratu pertsonalizatua balioan jarri nahi du. Zentzu horretan, 'Beti itzultzen naizen tokia'  lelopean urte bukaera arte, «Irungo dendak erosteko leku bat ez ezik, ezagutzen gaituzten, gomendatzen zaituzten eta itzultzen zaren lekuak» direla azpimarratu nahi dute.

Bestalde, Juan Arana kalean dagoen Commerce Lab laborategia merkatari txikiak laguntzeko dagoela nabarmendu du Nuria Alzagak. Eta ekainaren 1etik aurrera saltokiek eta merkatarien elkarteek Commerce Lab aretoa dohainik erreserbatzeko aukera izango dute tailerrak eta bilerak egiteko. Azken urtebetean merkatariek haien produktuak hobeto saltzeko argazki-seta, hornitzaileekin bilerak egiteko edota formakuntza ezberdinak egiteko erabili izan dute.