Gazako genozidioan parte hartu duen militar bat podiumera igo da Irungo OCR Europako Txapelketan

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 1a

Banaka parte hartu duten dozena bat atleta israeldarrak "talde neutral" gisa aritu dira ofizialki antolakuntzaren arabera, baina Israelgo banderarekin eta jantzi ofizialekin aritu dira lehian eta podiumean. BDZ Euskal Herria eta Irun Palestinarekin kolektiboek salatu dutenez, Itay Woolf Israelgo Defentsa Indarretan (IDF) aritutakoa izan da haien artean. Komando unitate bateko kide aktiboa  Gazako genozidioan parte hartu du. Agintari publikoek jendaurrean azalpenak eman ditzaten exijitu dute. Baita gerra krimenetan parte hartu duten pertsonek Euskal Herrian kirol ekitaldietan parte hartzea eragozteko mekanismo eta protokolo eraginkorrak ezartzea ere.

BDZ Euskal Herria eta Irun Palestinarekin kolektiboek salatu dutenez, joan den asteburuan Irunen ospatu den Europako OCR (Oztopo Lasterketen) Txapelketan 20-39 urte arteko kategorian OCR100 frogan zilarrezko domina eskuratu duen Itay Woolf, Israelgo Defentsa Indarretan (IDF) aritu zen. Komando unitate bateko kide aktiboa izanik, Gazako genozidioan aktiboki parte hartu du.

Atleta israeldarren parte-hartzeak, txapelketa honetan polemika handia sortu zuen lehiaketa hasi aurretik ere. Eta antolakuntzak Israel Elite eta Israel Youth selekzioen presentziak sorrarazi zuen ezinegona baretzeko asmoz, froga nagusia bertan behera utzi zuen, baina Israelgo atletek banaka parte-hartzeko erabakia hartu zuen banakako probetan, «nazioarteko zuzenbidea» argudiatuz.

Israel Elite eta Israel Youth taldeetako ordezkariak dominekin Irungo txapelketan, Itay Woolf haien artean.

Antolakuntzaz arduratu den Irungo Denontzat klubeko Asier Landartek, txapelketaren zuzendari teknikoak, zein Julen Martinez-Huarte Espainiako OCR presidenteak ere, balorazio baikorra egin dute txapelketaz. «Irunen ospatutako edizioa historikoa» izan dela nabarmendu dute, eta informazio ofizialetan podiumera igo diren Israelgo zazpi atletek, sariak "talde neutral" bateko ordezkari gisa jaso dituzte ofizialki. Baina Larreaundiko Josu Langilea futbol zelaian antolatutako txapelketaren podiumean, atleta israeldarrek selekzioaren kamiseta eta bandera sionistarekin igo ziren sariak jasotzera. 

Alde horretatik, BDZ Euskal Herria eta Irun Palestinarekin kolektiboek, txapelketako egun guztietan hurbildutako zaleen artean Palestinako banderaren presentzia nabarmena izan dela gogoratu du, eta mobilizazioek eta presio sozial handiak Israelgo selekzioen parte-hartzeari buruz hartutako erabakia eragin zuen heinean, «erdibideko garaipen sinbolikotzat» jo zuten ostiralean. Erdibidekoa, izan ere, ekitaldiari emandako babes instituzionala bere horretan mantendu da, eta Irungo Udalaren kasuan, ez du adierazpen edo balorazio publikorik egin. 

Haatik, agerikoa da Israelgo kirolarien parte-hartzeaz harago, bere frogan zilarrezko domina eskuratu duen Itay Woolfen presentzia bereziki mingarria dela. Kolektiboek baieztatu ahal izan dutenez, Israelgo Defentsa Indarretan (IDF) aritu baitzen, eta komando unitate bateko kide aktiboa izanik, Gazako genozidioan aktiboki parte-hartzeaz harro azaltzen da bere sare sozialetan. Baita OCR kirolari lotutako bere izena daraman arropa markarekin harro agertu ere, militarrez jantzita, Gazako hondamendiaren erdian egindako argazkietan. 

Itay Woolf, Israelgo Defentsa Indarretako kidea Gazako hondamendian harro agertzen da sare sozialetan. 

BDZ Euskal Herriak eta Irun Palestinarekin kolektiboek aditzera eman dutenez, ikerketa zorrotza eskatu zuten, parte-hartzaileen aurrekariak egiaztatzeko, eta gerra krimenetan eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan parte hartu duten unitate militarrei lotutako pertsonak izan ez zitezen txapelketa honetan. «Orain arte, ez dugu erantzunik jaso. Ez da inolako neurririk hartu», salatu dute ohar baten bidez.

Txapelketa amaitu berritan, eta atletek Israelgo ikurrak Irungo podiumean harrotasunez astindu ondoren, domina eskuratu duen Itay Woolfen presentziaren aurrean hainbat eskaera luzatu dituzte. Batetik, erakundeek (Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, baita inplikatutako kirol federazioak ere) kasu honi buruz jendaurrean azalpenak eman ditzaten eskatu dute. Baita Irungo Udalak txapelketaren antolakuntzarako esleitutako 70.000€ko laguntza kentzea.

Itay Woolf, Irungo OCR Europako Txapelketaren podiumean zilarrezko domina jasotzerakoan. 

Bestalde, gerra krimenetan eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan parte hartu duten unitate militarrei lotutako pertsonek Euskal Herrian kirol ekitaldietan parte hartzea eragozteko mekanismo eraginkorrak ezartzea eskatu dute. Eta kasu honetan, Itay Woolfek lortutako emaitzak berrikusteko eta kentzeko aukera barne hartuko duten diziplina- neurriak hartzea eskatu dute. «Ezin gara geldirik egon gure lurraldea, gure erakundeak eta gure baliabide publikoak nazioartean seinalatutako indar armatu bateko kide den Itay Woolf legitimatzeko eta saritzeko agertoki gisa erabiltzen diren bitartean», azpimarratu dute kolektiboek haien oharrean.