Mikel Erentxunek osatuko du sanmartzialetako kartela, eta jaiak dronen ikusgarri batekin itxiko dituzte aurten

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 1a

Duncan Dhun taldearen lehen diskoaren argitalpenetik 40 urteak ospatzeko "DD40" biraren baitan, Irungo San Juan plazan ariko da ekainaren 12an. Bestalde, uztailaren 1ean jaiak amaitzeko, su-artifizialak beharrean, musikarekin sinkronizatutako 300 dronek osatuko duten ikusgarria antolatuko dute Stadium Galen, Ficobako zabalgunetik ikusteko, eta Zabaltza plazako umorezko bakarrizketa saioa Mikel Bermejok eta Patricia Galvanek emango dute.

Irungo Udaleko Kultur Zerbitzuak sanmartzialetako programa osatzen duten 150 hitzorduen artean oraindik iragarri gabe zeuden azken nobedadeen berri eman du gaur. Kontzertuen kartela aurkeztu zutenean, ekainaren 12ko emanaldia gerorako utzi zuten. Nuria Alzaga Kultura zinegotziak argitu duenez, joan den asteburu honetan Donostiako ´Miramar gauetan´ programatua zuen kontzertua eman arte sekretupean gordetzeko agindu zien artistak. Horregatik aditzera eman dute gaur, Mikel Erentxun musikari donostiarrak borobilduko duela Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako kartela.

Duncan Dhun taldearen lehen diskoaren argitalpenetik 40 urte bete dira aurten, eta urteurren hori ospatzeko "DD40" bira abiatu du. Donostiako taldearen ibilbideko klasiko handiak entzungo dira bertan, "Por tierras escocesas" lanetik hasi eta "El Duelo" diskora arte. Publikoak berriz ere zuzenean gozatu ahal izango ditu "Cien gaviotas", "Jardín de rosas", "Rozando la eternidad", "Entre salitre y sudor", "El ritmo de la calle" edo "La casa azul" bezalako abesti ezagunak. 

Hala, San Juan plazako eszenatokiak Puro Relajo (ekainak 6), Mikel Erentxun (ekainak 12), Chenoa (ekainak 19), Henry Méndez (ekainak 27) eta Jamaica Show (ekainak 28) hartuko ditu hilean zehar. Eta Urdanibia plazan, aldiz, Gozategi eta Folkesí (ekainak 13); Zea Mays eta Kaparrak (ekainak 20); Bele (Lide Hernando), Wonka eta Waje 4leb (ekainak 23); Sofia Cristo DJ (ekainak 27); Metrika, Brava eta Katana (ekainak 28); eta Diskofesta (ekainak 30).

Azkenik, eta musika programa osatzeko, Pau Serko (ekainak 26) eta Hazas eta La Neni DJ Set (ekainak 27) izango dira Istillaga plazako Gaztegunean.

Berritasun nagusia jaien amaieran

Aspaldiko urtetan ondo errotutako umorezko bakarrizketa gaualdiarekin amaituko dira jaiak. Uztailaren 1ean, Zabaltza plazan, Asier Burguete, Mikel Bermejo eta Patricia Galvanen emanaldiak izango ditu aurten. Lasarte-Oriako Mikel Bermejo ibilbide luzeko komiko, gidoilari eta kolaboratzaileak arrakasta lortu zuen Irunen, gabonetako programazioan euskaraz emandako ikusgarrian. Eta oraingo honetan "Eureka" ikuskizunarekin ari da agertokiz agertoki, gaztelaniaz.

Nuria Alzagak aitortu duenez, Kultura Zerbitzuan eskaera asko jaso dituzte errepikatzeko. Bestalde, Jerezen jaiotako Patricia Galvan Estatu Batuetan jardun duen lehen umorista espainiarra izan da. Eta 2024an "Hardcore" ikuskizuna Madrilgo Gran Vían sarrera guztiak agortuta estreinatu ondoren, gaur egun Teatro Fígaron eskaintzen du, hainbat hiritan egiten ari den birarekin batera.

Bestalde, uztailaren 1ean, aurten ez dituzte su-artifizialik jaurtiko. Azken urteetan San Migel-Anaka eremuan, (Leka Enea eskolaren atzealdean) antolatu izan dute ikusgarri piroteknikoa. Eta aurten hiri-garapenerako lanak bertan hasi dituztela aprobetxatu nahi izan du Irungo Udalak plana aldatzeko. «Duela bizpahiru urte hasi ginela proposamen berria pentsatzen, eta iritsi da momentua», azaldu du Alzagak, «aurten droien argi ikusikizun bat izango da, eta hau ikusteko San Migel aldera beharrean, Ficobara hurbildu beharko da». Izan ere, dronek Stadium Gal gainean hegan egingo dute.  Iragarri dutenez, "Munduko Festak" izeneko ikuskizuna 22:30ean hasiko da, eta musikarekin sinkronizatutako 300 dronek osatuko dute emanaldia, zeruan hainbat figura marraztuz.

Aurreneko aldia da horrelako ikusgarri bat antolatzen dutela Irunen, eta lekua eta su-artifizialak ordezkatzerako garaian hainbat aldagai kontuan hartu dituztela aditzera eman du Nuria Alzagak. Kultura zinegotziaren arabera, «ingurumenaren zaintza dago beti hor, baina su-artifizialen harrabotsak gaixorik dagoen jendea eta txakurrak eta animali asko asaldatu egiten dituzte, eta droiek denek gozatu ahal izango dute». Iragarri dutenez, erdigunetik Ficobako barraka gunera joateko txaranga batek animatuko du aurtengo jaietako azken pasartea.