Irungo jaietako San Juan plazako ekitaldi nagusiak denen eskura jarriko dituzte

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 3a

Puro Relajo, Mikel Erentxun, Chenoa, Henry Mendez eta Jamaica Show taldeen kontzertuak eta ekainaren 23ko San Juan suaren ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dute mugikortasun urriko pertsonek aurten ere. Haientzako erreserbatutako 20 lagunentzako espazio goratu bat instalatu du Irungo Udalak, jaiak irundar guztientzako irisgarri izan daitezen. Lekua udalaren webgunean aldez aurretik erreserbatu beharko da, emanaldia hasi baino bi egun lehenago arte.

 

Irungo Udalak kultur programazio inklusiboa eta pertsona guztientzako irisgarria izateko konpromisoari jarraiki, ekainaren 6an Puro Relajo taldearen kontzertuarekin hasi eta ekainaren 28ko Jamaica Show taldearen emanaldia bitartean, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako gunea instalatu du San Juan plazan. Interesatuek aldez aurretik eman beharko dute izena, emanaldi bakoitza baino bi egun lehenago arteko epean, udalaren webguneko formulario baten bidez.

Azken urteetan egin duten bezala, San Pedro eta San Martzial Jaietan plataforma egokitu bat jarriko du, mugikortasun murriztua duten pertsonek San Juan Plazan ospatuko diren kontzertu eta ekitaldietan parte hartzeko aukera izan dezaten. Haatik, argitu dutenez, plataformak hogei lagunentzako lekua izango du, eta lekua erreserbatu beharko da aldez aurretik. Plataformak sartzeko arrapala bat izango du, eta behar bezala seinaleztatuta egongo da, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako gunea dela adieraziko duten kartelen bidez. Era berean, gune horretarako sarbidea kudeatu eta kontrolatzeaz arduratuko diren langileak egongo dira. 

Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak iragarri duenez, Puro Relajo (ekainak 6), Mikel Erentxun (ekainak 12), Chenoa (ekainak 19), San Juan sua (ekainak 23), Henry Mendez (ekainak 27) eta ekainaren 28ko Jamaica Showen kontzerturako egongo da erabilgarri. Aldez aurretik izena eman beharra dagoenez, lehen kontzerturako Irungo Udalak ahalegin bat egin duela nabarmendu du plataforma hori datorren larunbatean, ekainak 6, Puro Relajoren kontzertuan ere eskuragarri egon dadin. Eta lekua erreserbatzeko epea zabalik dago dagoeneko, ekainaren 4ko 12:00ak arte.