Bioterra 2026 azokak ateak irekiko ditu ostirala hontatik igandera, bizimodu jasangarri eta osasungarriaren aldeko topagune nagusietako bat bihurtuz beste urte batez. 23. edizio honetan, 120 enpresa erakusle eta 50 jarduera baino gehiago bilduko dira Ficoban, elikadura ekologikoa, ongizatea, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua ardatz hartuta.
“Irauten duena zaintzen dugu” lelopean, aurtengo edizioak jasangarritasuna eta bizi-kalitatea uztartuko ditu, publikoari eguneroko bizitzan aplikatzeko ideiak eta tresnak eskainiz. Azokan hiru gune tematiko nagusi egongo dira: Amalurra, osasun integralari eta ongizateari eskainia; Sukaldean, gastronomia ekologikoaren eta tokiko produktuen erakustaldiekin; eta Eskuz Faktoria, tailer praktiko eta parte-hartzaileekin.
Gainera, aurten berriz egingo dira olio ekologikoaren dastaketak, eta lehen aldiz gazta dastaketak ere izango dira. Familientzako jarduerak, yoga saioak, klima-aldaketari buruzko proposamen hezitzaileak eta bigarren eskuko bizikleten azoka ere antolatu dituzte.
Sarrera doakoa izango da, eta antolatzaileek garraio publikoa edo jasangarria erabiltzeko gonbita egin dute. Horrela, Bioterrak berriro erakutsiko du ekologian, osasunean eta kontsumo arduratsuan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko konpromisoa.