San Pedro eta San Martzial jaietarako programazio zabala behin aurkeztuta, dena prest dago irundarrek ospatzeko. Eta jaiak eremu segurua izatea bermatzeko, 2018az geroztik Irungo Udalak elkarte feministekin antolatzen duen indarkeria matxista eta alkoholaren zein substantzien kontsumoa prebenitzeko dispositiboak aurkeztu berri dituzte. Azken urteotan ohikoa izan den bezala, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Legera egokitutako protokoloei jarraiki, Irungo Udalak, Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen arloaren bitartez, indarkeria matxistak prebenitzeko hainbat neurri aktibatu ditu jaietarako.
Maite Cortina arloko zinegotziak Puntu Moreak jaigunean herritarren eskura jartzearen garrantzia azpimarratu du. «Pertsona guztiek ingurune seguruan gozatu ahal izatea nahi dugu, eraso eta jokabide sexistarik gabe, hauek askatasunez, berdintasunez eta elkarrekiko errespetuz ospatu ahal izateko», esan du Irungo Emakumeen Etxean egindako agerraldian. Hiriko kolektibo feministekin batera ondutako prebentzio kanpaina aurkeztu du. Aurten, gainera, LGTBIQ+ kolektiboa ere barneratu dute dispositiboan, eta Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Argoiak, Uxoa, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Txingudiko Elkarte Feminista eta M8 Asanbladari, Lumak Haize elkartea ere batu zaie dispositiboaren lanketara. Baita Irungo Emakumeen Etxea Elkartea ere.
Puntu Moreak indartuz
Udal ordezkariak aditzera eman duenez, informazio-puntuak jarriko dituzte indarkeria matxistei buruzko prebentzioa egiteko; txapak, triptikoak, eta abar banatuz. Eta jaietako gune nagusietan kokatutako Puntu More hauek izango dira ere, boluntarioen eta etxera itzultzeko joan-etorrietan lagundu nahi dieten pertsonen arteko topagune. Txingudioko Elkarte Feministako boluntarioak hasi ziren 2024an zerbitzu hau eskaintzen. Eta aurten ere, Puntu Morean etxera joateko laguntza eskatzen dutenekin batera antolatuko dira nahi ez duen inork etxera bakarrik itzul ez daitezen.
Dena den, puntu hori indarkeria matxistari buruzko prestakuntza duten profesionalek kudeatuko dute. Eta iazkoarekin alderatuta, egun bat gehiago eta 10 ordu gehiago gehitu dira Puntu Moreetan. Orotara 44 arreta-ordu eta 11 lanaldi egingo dituzte.
Udalak oroitarazi duenez, Isabel Fornieles Pereirak psikologoak indarkeria matxistaren biktimei arreta ematen aditua, jaietan indarkeria matxistei aurre egiten dieten pertsonak artatuko ditu. Lehen harrera eta aholkularitza egingo du, eta, ondoren, osasun zerbitzu, polizia edota epaitegiko balibideetara lagunduko ditu biktimak hala nahi izanez gero. Gainera, aurten, indarkeria matxisten prebentzioari buruzko informazioa desgaitasunen bat duten pertsonei hurbiltzeko ekintzak egingo dira.
Jaietako gune eta ordutegi hauetan egongo dira Puntu Moreak
-
EGUNA
KOKALEKUA
ORDUTEGIA
06/06
San Juan (Puro Relajo)
22:00-02:00
06/12
San Juan (Mikel Erentxun)
22:00-01:00
06/13
Urdanibia (Gozategi)
22:00-01:00
06/19
San Juan (Chenoa)
22:00-02,00
06/20
Ficoba (Herri Bazkari)
16:00-20:00
06/20
Urdanibia (Zea Mays + Kaparrak)
21:30-03,00
06/23
Urdanibia (Bele Lide Hernando)
22:30-02:30
06/26
Istillaga (Gazte Gune)
18:00-21:00
06/27
San Juan (Henry Mendez)
22:00-01:00