Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak ekainaren 23tik uztailaren 1era ospatzen badira ere, Irungo Udalak ekainaren 6tik hasita aurkeztu duen 155 jarduera biltzen dituen programak jendetza erakarriko du aurreko asteburuetan ere. Hortaz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak zerbitzu bereziak jarriko ditu Lurraldebusen, Irunen, ekainaren 12 eta 13ko asteburuan, Mikel Erentxun, Folkesi eta Gozategiren kontzertuetara hurbiltzeko, eta ekainaren 19 eta 20ko asteburuan, Chenoa, Zea Mays eta Kaparrak kontzertuak direla eta.
Sanmartzial jaien atarian antolatutako kontzertuetara modu «jasangarri, eroso eta seguruan» hurbildu ahal izateko helburuarekin errefortzuak eskainiko dituztela aditzera eman du Azahara Dominguez foru diputatuak. Zehazki, E77 (Hondarribia>Irun>Errenteria>Pasai Antxo>Donostia) eta E78 (Hondarribia>Irun) lineak indartuko dituzte, hala Irun Donostia eta Oarso aldearekin lotzeko, nola Hondarribia eta Irun zuzeneko lotura gauez bermatzeko ere.
Alde horretatik, ostiraletan E77 lineak Hondarribitik abiatuko dira 23:00etan, 23:30ean. 00:00. 00:30, 1:00 eta 1: 30ak bitartean. Eta Donostiatik 23:50, 00:20, 00:50, 1:20, 1:50 eta 2: 20etan irtengo dira. Ekainaren 14tik 15era eta 20tik 21era (larunbata), linea hori Hondarribitik irtengo da 23:00etatik 3:00etara, eta Donostiatik 23:50etik 3:50era ordu erdiro.
E78 (Hondarribia>Irun) lineari dagokionez, ekainaren 12tik 13ra (ostirala), 13tik 14ra (larunbata) eta 19tik 20ra (ostirala), autobusak 30 minutuero irtengo dira Hondarribitik 23:15etik 3:45era bitartean, eta Irundik 23:30etik 4:00etara bermatuko dute. Bestalde, ekainaren 20tik (larunbata) 21erako (igandea) gauean, 15 minutuero egongo da autobusa 23:15etik 3:45era Hondarribitik eta 23:30etik 4:00etara Irundik abiatuta. «Horrelako hitzorduetan garraio publikoaren zerbitzua indartzeak segurtasun gehigarria dakar, batez ere gazteenentzat, aisialdirako eta kulturarako sarbidea demokratizatzeaz gain, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten horrelako ekitaldiez gozatzeko», azpimarratu du Dominguezek.
Cristina Laborda Irungo alkateak gaueko ordu txikietan zerbitzu gehigarri hauen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, Irunbus zerbitzuek hiri mailan, Behobia eta Landetxa auzoekin lotura egiten duten Gautxori zerbitzuak martxan izango badira ere, «Hondarribitik eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetatik sanmartzialak gozatzera etorri nahi duten pertsona guztiek garraio publikoa erabili ahal izatea nahi dugu, ibilgailu partikularra alde batera utzita», adierazi du.