Badira dozena bat urte Kimu Bat taldeak Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, baratzegintza ekologikoa sustatzeko FurgoBaratza tailer ibiltaria martxan jarri zuela. Dagoeneko 20 baratze parke baino gehiagotan ari dira lanean Gipuzkoa mailan. Irungo Udalak Puiana abian jarri zuen proiektuaren hasieratik eman dute laguntza, bertako erabiltzaileei zuzenean, baina baratzezain orori ere. FurgoBaratza zerbitzu ibiltaria, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzeko helburu baitu. Baina aisialdirako baratze eremu publikoetan, herritarren zalantzak argitzen laguntzekoa ere. Astero Gipuzkoako laupabost udalerritan egon ohi dira, eta ekainaren 16an 18:00etatik 19:30era Irungo Puianako baratze parkearen txanda izango da.
Aurrekoetan Hazi Tailerra edota sasoiaren arabera, Tomate Tailerra ere proposatu izan dute. Oraingo honetan, aldiz, Gipuzkoako baratze parkeen sarean landareen gaixotasun eta izurriteen prebentziorako ikastaro laburra eskaintzen ari dira, udaberri eta uda sasoiari begira programatuak dituen bisita zikloan.
FurgoBaratza ekimenaren eramaile Aitziber Otegik iragarri duenez, bertara gerturatzen direnek, baratzaren inguruan dituzten dudak argitzeko aukera izango dute, baita landare eta hazi ekologikoak lortzeko aukera ere. Aholkularitza doakoa da, eta bertara edozein erabiltzaile gertura daiteke. Hau da, ez da beharrezkoa baratze parkeko erabiltzaile izatea. Interesa edo laguntza beharra duen oro hurbildu daiteke, baita inguruko herrietako baratzezainak ere.