Larreaundiko futbol zelaia ordezkatzen hasi dira denboraldiaurrerako prest egon dadin

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 10a

Irungo belar artifizialeko futbol zelai guztien artean aspaldi berritu gabe dagoen bakarra da. Stadium Gal (2019), Ugaldetxo (2020) eta Artiakoa (2023) berritu eta gero, orain San Martzial eta Dunboa-Eguzki kluben erabilera intentsiboa duen Josu Langilekoa berrituko dute, 15 urte ondoren hondatuta baitago. Guztira 439.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta belarra ordezkatzeaz gain, inguruko sareak, kirolgunearen ateak, aulkiak, ur-kanalizazioak eta zakarrontziak ere berrituko dituzte.

San Marcial eta Dunboa-Eguzki futbol klubek erabiltzen duten Larreaundiko Josu Langilea futbol zelaia berritzeko lanak hasi dira aste honetan. Belar artifiziala berritzeko beharra zegoen aspaldi, eta kirol jarduera amaitu berri duten honetan, uda aprobetxatuko dute lanak egiteko. Irungo Udalak, Kirolak eta Obrak, Mantentzea eta Azpiegituren arloak argitu duenez, gutxi gorabehera bi hilabete eta erdiko iraupena izango dute lan hauek. Eta beraz, futbol taldeek denboraldiaurrean estreinatu eta bertan egin ahal izateko epeak errespetatzen saiatuko dira. 

Berez, maiatza bukaeran Irunen ospatutako OCR Europako Txapelketa izan da bertan egin den azken kirol jarduera, izan ere, txapelketaren hainbat frogetarako eszenatoki, beste zenbaitzuen abiapuntu, eta txapelketako sari banaketaren podiuma ere bertan ezarri zuten. 

Irungo Udalak iragarri duenez, 439.000 euroko inbertsioa egingo dute belar artifiziala ordezkatzeko. Arauzko futbol zelai bat markatuko dute, marra zuriekin, eta futbol zazpiko bi zelaietarako marrak beste kolore batekoak izango dira. Argitu dutenez, punta-puntako belar artifiziala izango da, silize harea eta kautxu pikorkatuarekin, eta gainazala seguru eta uniformeagoa izango da. Eta belarrari eusten dion geruza garbitzeaz gain, planimetria egiaztatu eta konpondu egingo dute sistema berria zabaldu ahal izateko. Izan ere, lurra hondoratuta dago zenbait eremuetan. Proiektuak egungo belarra osorik kentzea eskatzen du, eta sistema berri bat instalatzea. Hain zuzen ere, oinarri elastikoa eta 40 milimetroko belar artifiziala ezarriko dute. 

Larreaundiko futbol zelaiak 15 urte baino gehiago ditu, kautxua oso higatuta dago, eta instalazioa oro har nahiko hondatua dagoela aditzera eman du udalak. Eta belarra ordezkatzearekin batera, kirolgunearen ateak, aulkiak eta alboetako sareak, ur-kanalizazioak eta zakarrontziak ere berrituko dituzte.