Aurten 14 tortilla kozinatuko dituzte San Juan plazan, ekainaren 14an. 11:30etarako prest eduki beharko dituzte sukaldariek epaileei dastatzera emateko. Errezeta tradizionalak agintzen duen bezala, irundar tortilla egin berria ogi frijituzko zatiekin apainduta eta triangelutan moztuta zerbitzatuko dute. Eta epaile lanetan parte hartuko duten Anakako Kofradiako kideen laguntzari esker, soberan izango dena dastatzera emango diete bertaratzen diren irundarrei dohainik.
Aparteko aukera eta bakarra izango da, hain justu, Irundar Tortilla probatzeko. Izan ere, usadio handiko errezeta bada ere, Anaka Kofradiako kideek diotenez, «garai batean tortilla irundarra Morondo, Irureta eta Jaizubia jatetxeetan jan zitekeen». Eta iragan hurbilean ere, San Martzial eguneko hamaiketako gisa prestatzeko ohitura zegoen. Baina gaur egun irundar gutxi batzuk baizik ez dute gogoratzen.
Aspaldiko errezeta da nolanahi ere. Koldo Susperregi, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko kideak azaldu digunez, «lehen erreferentzia Ignacio Domenech sukaldari katalanak 1910. urtean plazaratutako “La Cocina Vasca” liburuan aurkitzen dugu». Gerora, 1964. urtean, Euskal Gastronomiaren Kofradiaren buletinean aipatzen zen, baita Mikel Corcuera Ulaica kritiko gastronomikoak ere, “Ondo Jan” aldizkarian 2018. urtean argitaratutako alean ere.
Argitalpen honetan esaten zuenez, Corcuerak Jaizubia jatetxean dastatu zuen Irundar Tortilla Jesus Mangas jatetxeko jabe eta Manuel Iza sukaldariaren eskutik. Eta Juan Jose Lapitz gastronomoak 2017. urtean hil aurretik aipatu zuenez, Urdanibia plazan zegoen Irureta jatetxean tortilla hau jan izana gogoratzen du, baina, aipatutako osagaiez gainera, bertan ganbak erabiliaz ere prestatzen zuten. Establezimendu horrek egindako aldaera hura "Tortilla Irureta" gisa ezaguna izan zen. Beraz, ohiturak aldatu badira ere, ez da inoiz erabat desagertu.
Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea tradizio hau berreskuratzeko ahaleginetan ari da 2024 urtetik. Eta aurtengoan ere San Pedro eta San Martzial jaietan segida emango diote, igandean antolatu duten lehiaketaren hirugarren edizioarekin. Gehienez ere 20 parte-hartzaile onartzen dituzte logistika arrazoiak direla eta. Baina ez dituzte plaza guztiak betetzen. Izan ere, Jai orotan patata tortilla lehiaketak ohikoak badira ere, Irundar Tortillarekin ausartzen diren gutxi dira oraindik.
Errezeta ezagutzara eman eta ostatuetara zabaltzea
Aurtengo edizioan 14 tortilla prestatuko dituzte. Baina antolatzaileen helburua ez da San Juan plazako lehiaketara mugatzen. «Gure nahia da Irungo ostalariek lekukoa har dezaten, San Juan eta Urdanibia plaza ingurukoak bederen, tortilla bakar bat egingo balute, keinu sinboliko gisa, jaietan gutxienez Irundar Tortilla berreskuratzen eta ezagutzara ematen hasiko ginateke pixkanaka», dio Susperregik. Bistan denez, aldiz, orain artean Irungo ostalariak ez dira animatu, baina Alde Zaharreko auzokideek ez dute amore ematen, «tokian tokiko balioan jarri beharra dago, eta errezeta erraza da gainera, edonork egiteko modukoa», argitzen du.
Alde horretatik, ostalariak ez ezik, norbere etxean saiakera egiteko osagaiak zeintzuk diren azpimarratu digu: 8 arrautza, 100 gramo Baionako urdaiazpiko, onddoak aukeran (100 gramo), txerri-gantza (olioa izan daiteke), perrexil freskoa, gatza nahieran eta 3 piper gorri. Eta gorriak behar dutela nabarmentzen du, izan ere, lehiaketan deskalifikatzeko arrazoia da piper berdea erabiltzea. Gainerakoa, esan bezala, tortilla egin berria zerbitzatzen da ogi frijitu edo txigortutako zatiekin apainduta eta triangelutan moztuta.