San Martzial Txingudiko igerilekuak ekainaren 15etik irailaren 15era irekiko dituzte

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 12a

Irungo Udalak udako piszina sasoia aurkeztu berri du. San Martzial Txingudiko igerilekuek ekainaren 15ean zabalduko dituzte ateak, eta aurreko urteetan bezala, irundarrek bi txandatan erabili ahal izango dute. Goizez, 11:00etik 15:15era, eta arratsaldeko ordutegian, 16:15etik 20:30era. Erabiltzaileek bi eguneko aurrerapenarekin erreserbatu ahalko dituzte sarrerak, udalaren webgunearen bidez, eta sarrerak egunero jarriko dituzte salgai 22:00etik aurrera.

Sarreren prezioari dagokionez, helduen sarrerak (18 urtetik gorakoenak) 2,20 euro balioko du, eta 4 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteenak, 1,80 eurokoa da. 3 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira instalazioetara, eta nahitaezkoa izango da erreserbarekin bat datorren NAN agiria sarreran aurkeztea. Era berean, behin  erreserba egindakoan joaterik ez duenak, baliogabetu dezake, gehienez ere 11:00ak arte goizeko txandarako, eta arratsalderako 16:15ak arte. Erreserba egin eta erabiltzen ez duenak, astebetez erreserba berririk egin gabe zigortuko du udalak. 

Igerilekuarekin batera, urte osoan zehar zabalik dauden tenis eta padel instalazioak ere erabil daitezkeela gogoratu du Borja Olazabalek, Kiroletako zinegotziak. Azken urteetan igerilekuak izan duen arrakasta nabarmendu du, «jakin badakigu udak gero eta beroagoak izaten direla, eta horregatik igerilekuak prest jarri ditugu». Udak luze edo bero joko badu, Irungo kanpo-igerilekuen denboraldia irailaren 15era arte luzatuko dutela argitu du udalak.

Igerilekura hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du Olazabalek. Izan ere, instalazioek lortzen duten arrakasta ikusita, azken urteetan L3 Irunbus linea kirol instalazio hauetaraino luzatzen du bere ibilbidea.