Europako arauek behartuta, Plaiaundiko natur parke ekologikoa 1993 urtean hustutzeko beharra sortu zenetik, hiru hamarkada luze pasa dira Bidasoa Atletiko Taldea eta Txingudi Rugby Klubei aterabide bat eskaintzeko. Kirol jarduera prekarioan egiten jarraitzen duten bitartean, 2018an oposizioko taldeek adostutako Txenpereneako kokaleku berriaren proiektuak aurrera egin dezan premia dago. Eta udalak lursailen lagapena proposatu dio Eusko Jaurlaritzari. Lakuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako inbertsio konpromisoak bete ditzala espero du Cristina Laborda alkateak.
Irungo Udalak Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneako eremu berrira lekuz aldatzeko finantzaketa-hitzarmenaren proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari. Plaiaundiko instalazioak lekuz aldatzeak daraman hiru hamarkadako atzerapenarekin amaitu nahi du udalak. Baina horretarako, Bidasoa Atletiko Taldeak eta Txingudi Rugby Klubek euren jarduerarekin jarraitu ahal izateko, Txenpereneako instalazioak eraiki beharko dituzte. Kokagune berria Irungo udalbatzak 2018an adostu zuen, EAJ, Si Se Puede Irun Ahal Dugu eta EH Bildu oposizio taldeek bultzatuta. Ez zen PSE-EEko gobernu taldearen gustuko aukera, eta bistan da, horrek ez duela hirigintza garapena azkartzea lagundu.

Baina urratsak egiteko premia dago. Kirol instalazio duinak eskaintzeaz harago, ez baita oharkabean pasatzen Irungo Udalak legea bete behar duela. Alde horretatik, 1993an Plaiaundi natura gune babestua izendatua izan ondotik, hezegunea berreskuratzea eta kirol instalazioak bertatik kentzea gehiegi luzatu den betebeharra da.
Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak 1993an sinatutako Lankidetza Hitzarmenean jasotako konpromiso berberekin bat dator orain udalak Lakuari helarazitako hitzarmena. Akordio horren arabera, Plaiaundiko kirol-instalazioak birkokatzeko edozein jarduketa modu partekatuan finantzatuko zela finkatu baitzuten. Horren arabera, egin beharreko inbertsioaren %30 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko luke, %50 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainerako % 20a Irungo Udalak.
Hiriarentzat estrategikoa den proiektuak aurrera egin dezan, Irungo Udalaren proposamen berriak planteamendu hori bera jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa izango litzatekeen udal lursail eta kirol azpiegitura horiengatik udala konpentsatzeko beharrean oinarrituta. Finantzaketa akordio hau Txenperenean instalazio berrien eraikuntza finantzatzeko ezinbestekoa izango litzateke. Dokumentua datorren uztailean Jasangarritasun Saileko arduradunekin egingo den bileran aztertuko dute. Hau ezinbestekoa da proiektuak aurrera egin dezan, eta Cristina Laborda alkateak aditzera eman duenez, udala hilabeteak daramatza hau eskatzen.
Alkateak argitu duenez, «Irungo Udalak dagoeneko ebatzi du lurzati berrira lekualdatzeko aukera, eta kluben eskutik jarraitzen dugu lanean lekualdaketa hori prestatzeko, baina beharrezkoa da gainerako erakundeek bere garaian hartutako konpromisoak berrestea». Otsailean Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Labordak proiektu honetan inplikazio handiagoa agertzeko, eta orain proposamen bideragarri bat aurkeztu du udalak, bere lur-ondarearen galera konpentsatzeko. «Espero dut akordio bat lortuko dugula jarduera honek behin betiko aurrera egiteko, hirirako, kirol-klubentzako eta Plaiaundi berreskuratzeko jarduera estrategikoa delako», azpimarratu du. Hain justu, Gipuzkoako Batzarretan Txenpereneako proiektua garatzeko behar inbertsioak egiteko konpromisoa hartu zuten 2025eko martxoan, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez.
Udalak 800 etxebizitza inguruko hiri-zabaltza berria aurreikusten du Txenperenean, Lapitze eta Larreaundi lotuz.
Azken urteetan Irungo Udalak hainbat alditan batasun irudia erakutsi nahi izan du, kirol klubekin batera, proiektuari bultzada emateko. Aldi berean, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak adostua dute jada Txenperenea eremuan eraikiko den azpiegitura berriak hartuko duen kirol programa, instalazio horien erabiltzaile diren kluben beharretan eta eskarietan oinarritutako akordioa Bidasoako Atletiko Taldea eta Txingudi Rugby Taldea klubekin partekatutako proposamena. Klubekin adostu dituzte etorkizuneko azpiegitura homologatuen ezaugarriak eta prestazioak, atletismoa eta errugbia egiteko baldintza egokiak bermatzeko.
Ibon Muñoz BAT atletismo klubeko ordezkariak azpimarratzen duenez, 300 gazte baino gehiagok kirola egiten dute Plaiaundin gaur egun. EAEko federatu gehien dituen atletismo kluba da gaur egun, eta bai nesketan, bai mutiletan, estatu mailako gorengo kategorietan lehian ari dira. Baina 1993an Plaiaundik homologazioa galdu zuenetik, haien etxea Donostia izan da goi mailako entrenamenduak egiteko eta lehiatzeko.