Gaurko alerta gorria dela eta, beroari aurre egiteko eta herritarrak babesteko neurriak hartu ditu Irungo Udalak. Atzodanik Babes Zibileko Prebentzio Protokoloa aktibatzea erabakia zuten, baina hauek indartzea eta hainbat udal-zerbitzu egokitzea erabaki dute gaur goizeko krisi-mahaian.
Testuinguru horretan, Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du adinekoen hainbat kolektibori jarraipena egiten ari zaiela dagoeneko, eta etxez etxeko arreta ematen duten langileei eskatu zaie bisitetan zaintza handia izan dezaten eta larrialdiko esku-hartzea eska dezakeen edozein egoeraren berri berehala eman dezaten.
Iraso, San Migel eta Belaskoeneako adinekoen zentroei dagokienez, aire zabalean aurreikusitako jarduera guztiak bertan behera utzi dira, baina espazioak normaltasunez irekita egongo dira erabiltzaileei espazio segurua eskainiz.
Era berean, EBA Etxea (Etxegabetasuna Babesteko Aterpea) gailua aktibatu da, urte osoan zehar egoera meteorologiko txarretan martxan egoten dena. Tenperatura altuen egoera dela eta, zerbitzua gaur gauean eta astearte eta asteazken gauetan aktibatuko da, protokoloan ezarritako baldintzak betetzen dituzten kaleko egoeran dauden pertsonei ostatua eskainiz Zubia Gizarteratze Zentroan.
Bestalde, Udalak egokitu egin ditu obretako brigadaren, atezainen, lorezaintza-zerbitzuen eta bide publikoan lan egiten duten gainerako langileen lan-ordutegiak. Beroak gehien jotzen duen orduetan ez da aire zabaleko lanik egingo. Era berean, beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola dauden barbakoak zigilatzea, iturrietako ur-zerbitzua gehiago kontrolatzea eta berdeguneetako ureztatze-maiztasuna handitzea.
Jaietako egitarauan aldaketa nabarmenak
talde, Kultura arlotik jaien programazioari eragiten dioten hainbat prebentzio-neurri hartu dira. Biharko, ekainak 23, asteartea, Belaskoeneako haurrentzako puzgarriak eta atrakzioak bertan behera geratuko dira. Horren ordez, haurrentzako jolasak programatu dira CBAko IrekiArt gunean, 11:30etik 13:30era, 2 eta 16 urte bitarteko haurrentzat.
Era berean, Mendibileko patata tortilla lehiaketa Bershka denda zaharrera lekualdatuko da, Merkataritza Zentroaren barruan, eta Ameztu antzerki taldearen emanaldia CBAren Irun Zuzenean aretoan egingo da. Erraldoi eta buruhandien kalejiraren ibilbidea ere aldatuko da, Urdanibia Plazatik abiatu eta CBAn amaituko dena, non erraldoiak ikusgai egongo diren ekainaren 28ra arte. Gauerako aurreikusitako Correfoc-an, ikusleen parte-hartzerik gabe egingo da.
Era berean, jakinarazten da biharko egunerako alerta laranjaren aurreikuspena dagoela, eta, beraz, hartutako erabakiak egoeraren eboluzioan eta une bakoitzean eskuragarri dagoen informazioan oinarrituta egiten ari direla. Alde horretatik, San Juan sua piztu egingo da, baina aurreko urteetan baino txikiagoa izango da, ondoren sua azkentzen laguntzeko eta une oro segurtasuna bermatzeko. Bestalde, gogorarazten da suak egitea debekatuta dagoela, aldez aurretik baimendutakoak izan ezik. Horiek Udaltzaingoa eta Babes Zibilarengatik ikuskatuta izango dira.
Ekainaren 24an, asteazkena, Anakako haurrentzako puzgarriak eta atrakzioak bertan behera geratuko dira. Haurrentzako jolasak ere programatu dira CBAko IrekiArt gunean, 11:30etik 13:30era, 2 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Egun horretarako aurreikusitako txontxongiloak eta IOI dantza emanaldia Irun Zuzenean aretora eta IrekiArt-era lekualdatuko dira, hurrenez hurren. Haurrentzako entzierroa, berriz, ekainaren 26ra, osteguna, 11:00etan, atzeratuko da. Bestalde, FICOBAn antolatzen den helduen bazkaria ekainaren 25ean (osteguna) izango da, ordutegi berarekin.
Bestalde, langileen eta herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, azoka-esparrua, postuak eta txosnak itxita egongo dira gaur, astelehena, eta jardunaldiak aurrera egin ahala, hurrengo egunetan neurria mantendu ala ez baloratuko da.
Krisi-mahaia aktibatuta egongo da, eta egoera ebaluatzen eta behar diren neurriak hartzen jarraituko du.