Jaietako Adinekoen Omenezko Bazkaria ekainaren 26ra atzeratu dute beroagatik

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 24a

Beroak gogor kolpatzen gaituen hirugarren eguna dugu jarraian. Eta alerta gorria indarrean dagoenetik Irungo Udalak astelehenean egindako krisi-mahaian hartutako prebentzio neurriak jarraituz, ekainaren 24 honetan ere jaietako hainbat hitzordu lekuz aldatu edota bertan behera utzi behar izan dituzte. Jaiak atzo ofizialki hasi ondoren, gaur Ficobako 3. pabiloian antolatutako Adinekoen Omenezko Bazkaria ekainaren 26ra atzeratzea erabaki dute tenperatura altuengatik. Baita 18:00etan Urdanibia plazatik San Juanera egitekoa zen gazteentzako Zezen Puzgarrien Entzierroa ere.

Irungo Udalak aditzera eman duenez, aurten Adinekoen Omenezko Bazkarian parte hartzeko eskainitako 700 gonbidapenak berehala agortu egin ziren. Zehazki, 593 telefonoz eskatu egin zituzten, eta gainerako 107ak udalaren webgunearen bidez. Gonbidapenen banaketa aspaldi egin zuen Irungo Udalak. Izan ere, ekainaren 3an eta 4an Amaia Kultur Zentroko txarteldegian jaso zituzten.

Bazkari hau Irunen erroldatuta dauden eta 2026ko ekainaren 24a baino lehen 65 urte beteta dituzten adineko guztientzat antolatzen du udalak. Eta Ficobara erraz hurbildu ahal izateko, nahi dutenentzat autobus zerbitzua jartzen dute 12:30ean Fermin Calbeton kaleko autobus geltokitik Ficobaraino. Eta 17:00etatik 19:00etara itzulia egiteko ere.

Alerta egoera dela eta, bazkaria ekainaren 26ra atzeratzea erabaki dute. Bistan denez, bihar alerta maila horira apalduko den bitartean, ostiralerako Eusko Jaurlaritzak ez du alertarik iragarri, eta bazkaria eta ondoko dantzaldia ospatzeko baldintzak emango direlakoan daude. 

Gogoan hartu behar da, muturreko tenperaturen testuinguru honetan, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak adinekoen kolektiboari (zaurgarrienei) jarraipena egiten ari diela lehen unetik, eta etxez etxeko arreta ematen duten langileei eskatu zaiela eguneroko zaintzarako bisitetan erne egon daitezela, eta larrialdiko esku-hartzea eska dezakeen edozein egoeraren berri berehala eman dezaten. Era berean, Iraso, San Migel eta Belaskoeneako adinekoen zentroei dagokienez, aire zabalean aurreikusitako jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte, baina espazioak normaltasunez irekita daude erabiltzaileei espazio segurua eskainiz.

Aldatutako beste hitzordu batzuk

Hortaz gain, gaur Anaka auzoko Pedro Manuel de Aristegui y Petit Enbaxadorea plazan goiz eta arratsaldez antolatutako haurrentzako puzgarriak bertan behera utzi dituzte, eta jolasak CBAko IrekiART gunean antolatu dituzte goizean. Txotxongiloak Parkean ekimenaren bigarren saioa, atzokoan bezala, CBAko Irun Zuzenean aretora lekuz aldatu dute eguerdian. 

Era berean, arratsaldeko 18:00etan Urdanibia plazatik San Juan plazara Zezen Puzgarrien entzierroa bertan behera utzi dute gaur, eta ekainaren 26an goizeko 11:00etan egingo da. Eta arratsalde honetan ere, 19:00etan, Ahatik Konpainiaren "IOI" obra IrekiART espazioan izango da.

Bestalde, ekainaren 25ean alerta arinduko bada ere, maila horian mantenduko da oraindik. Hori dela eta, Santiagoko Euskal Jai frontoian antolatutako Gaztegunearen lehen jarduerak CBAko IrekiART espaziora lekuz aldatuko dituztela iragarri du udalak. Zehazki, 9 urtetik gorako haur eta gazteei zuzendutako Gamming gunea (16:00etan) eta Mario Kart World txapelketa (17:00etan).