Irungo Udaletxearen aurrean protesta egingo dute ostiralean Henry Mendezen kontzertuaren aurka

Aitor Errazkin 2026ko ekainaren 25a

Irungo hainbat herritarrek Henry Mendezek San Pedro eta San Martzial jaietan eskaintzekoa duen kontzertua bertan behera uzteko eskatu diote Irungo Udalari. Artista ultra-eskuindar eta matxistatzat jotzen dute, eta haren kontratazioa diru publikoarekin egitea onartezina dela salatu dute. Horren harira, elkarretaratzea deitu dute ostiral honetan, ekainaren 26an, arratsaldeko 19:00etan, Irungo Udaletxearen aurrean.

Hainbat herritarrek eta eragilek Henry Mendez artistaren kontzertua bertan behera uzteko eskatu diote Irungo Udalari. Kontzertua ekainaren 27an egitekoa da San Juan plazan, baina antolatzaileek salatu dute artistak egindako adierazpen eta jarrera batzuek ez dutela lekurik herri jaietan.

Salaketaren arabera, Henry Mendezek ultra-eskuineko erreferente politikoekiko babesa erakutsi izan du eta jarrera matxistak normalizatzen dituzten adierazpenak egin ditu. Horregatik, uste dute ezin dela diru publikoarekin finantzatutako ekitaldi baten protagonista izan.

Egoera horren aurrean, Irungo Udalari erabakia berrikusteko eta kontzertua bertan behera uzteko eskatu diote. Horretarako, elkarretaratzea deitu dute ekainaren 26an, arratsaldeko 19:00etan, Irungo Udaletxearen aurrean.

Deitzaileen esanetan, Irungo jaiak herrikoiak, feministak, seguruak eta denontzako gozagarriak izan behar dira, eta balio horien aurka doazen jarrerak ez dira normalizatu behar. Udalak kontzertua mantenduz gero, artistaren adierazpenak babestu edo gutxienez normalizatzen dituela ulertuko dutela ohartarazi dute.