Tentsioa baretzeko deialdien artean, Alarde Publikoak babesa eskatu dio Ertzaintzari

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 29a

Alarde baztertzailearen Agintarien Batzordeak eta Alardearen Batzordeak irundarrak ekainaren 30a «lasaitasunez eta jaiaz desberdin bizi dutenak errespetatzera» animatu ditu. Bitartean, sare sozialetan «Betiko Alardea inoiz baino biziago dagoela erakusteko» mobilizazio deialdien aurrean, Alarde parekideak «irainduak eta erasotuak izateko beldurrik gabe» desfilatu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatu dio Ertzaintzari. Emakume talde batek Alardean desfilatzeko Irungo Udalari eskatu ziotela 30 urte betetzen diren honetan, «gorrotoa eta intimidazioa berriz» antzematen dela dio Irungo Alarde Publikoaren Juntak.
 

San Martzial egunaren atarian bizikidetza nahasi eta giroa tentsionatu dela ikusita, Irungo Alarde Publikoak eta alarde baztertzaileko Agintarien Batzordeak eta Alardearen Batzordeak giroa baretu nahi dute. Alarde parekideko juntak «ekainaren 30ean Kale Nagusian mobilizatzeko sare sozialetan hedatu diren deialdien aurrean» kezka adierazi zion Ertzaintzako zuzendariari ekainaren 25ean helarazitako gutun baten bidez.

Alarde Publikoko ordezkariek diotenez, «intimidazio eta jazarpen kanpainak atzean geratu zirela» pentsatzen zuten. Baina azken gertakarien aurrean, eta emakume talde batek Alardean desfilatzeko Irungo Udalari eskatu ziotela 30 urte betetzen diren honetan, «gorrotoa eta intimidazioa berriz» antzematen dela diote. «Desfilatzeko eskubidea bermatzeko urte luzetan behar izan dugun Ertzaintzaren babesa iragana zela pentsatzen genuen», nabarmendu dute haien gutunean.

Hala ere, aurtengo entseguetan emandako tentsio uneak batetik, eta sare sozialetan Alarde egunerako hedatu diren mobilizazio eta ekintza deialdiak kontuan hartuta, Alarde parekidean parte hartzeko hautua egiten duten pertsona guztiek «irainduak eta erasotuak izateko beldurrik gabe» egin ahal izateko beharra azpimarratu du Alarde Publikoaren Juntak. Era berean, desfilean mandoak eta zaldiak desfilatzen dutela oroitarazi dute, eta Kale Nagusia ikuslez beteriko kale estua dela ohartarazi dute. 

Alde horretatik, Irungo Alarde Publikoak ekainaren 30ean desfilatzeko eskubidea istilurik gabe bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan galdegin dio Ertzaintzari.

Lasaitasun eta errespetu deia

Era berean, ekainaren 30a «lasaitasunez eta jaiaz desberdin bizi dutenak errespetatzera» animatu dituzte pertsona guztiak Alarde pribatuko Agintarien Batzordeak eta Alardearen Batzordeak. Ekainaren 25ean Entsegu Orokorraren egunean izandako gertakarien ondoren, asteburu honetan plazaratutako ohar baten bidez, «jaiak elkarbizitzatik eta gizalegetik gozatzea» merezi dutela nabarmendu dute. Haien ustez, azken urteotan Alarde pribatuaren aldekoek erakutsi dute posible dela egun hauek arduraz ospatzea, «probokazioek edo liskarrek Irunentzat eta Alardearentzat hain garrantzitsua den tradizioa lausotzea saihestuz».

Alarde parekide eta baztertzailearen parte-hartzaileen artean entseguetan emandako tentsio uneez harago, Alarde pribatuaren aldekoen artean sortu diren desadostasunak ere gogoan hartu behar dira, aurtengo egoera ulertzeko. Izan ere, otsailetik datozen barne tentsioak bizi dituzte, eta Bandaren eta Danborradaren entsegu egunean irudikatu ziren Urdanibia plazan. Ikusleen parte batek txistu eta errieta egin baitzion Javier Garcia Nieto jeneral berriari. 

Alarde baztertzailearen Batzordeak danbor nagusia bi urte desfilean parte hartu gabe zigortu ondoren sortutako ezinegonak, alardearen barrenean disidentzia mugimenduak eragin baititu. Iazko Danborradako kantinerarekin «jarrera desegokia» izan zuela leporatuta, Alardearen barne-araudian arau hauste larria bezala sailkatu zuen juntak, aipatutako zigorra ezarriz. Eta erabaki honen aurrean, kapitain eta unitateko arduradunen erdiak bere desadostasuna adierazi zuten salaketaren kudeaketa moduengatik. Palmera Montero gunean otsailean egindako bileraren kanpoaldean 200 pertsona ere bildu ziren Agintarien Batzordearekin desadostasuna adierazteko. Eta horren ondorioz, Asier Etxepare jeneralak eta Ruben Fraile komandanteak dimisioa aurkeztu zuten.

Ondoren, hiru hautagai aurkeztu ziren jeneral berria izateko, eta orain arteko Olaberriako kapitaina izan zen hautatua, aldeko 10 bozkarekin. Javier Garcia Nietok bere burua bozkatu zuen, bigarren hautagai bozkatuenarekin (9 boto eskuratu zituenak) berdinketa apurtuz, eta bozka hartan Danborradak ez zuen bozkatzeko eskubiderik izan.

Giroa nahasia dabil, beraz, alarde baztertzailearen barrenean. Baina Alardearen auziak Irunen 30 urte betetzen dituen honetan, tentsioaren fokua Kale Nagusira bideratu nahi izan dute zenbait kolektibok sare sozialetan zabaldu dituzten deialdiekin. «Betiko Alardea inoiz baino biziago dagoela erakusteko momentua iritsi da» sareetan Kale Nagusian ekintzaren bat antolatzeko boluntarioen bila luzatutako deialdietan.