300 dronen koreografia berritzaile batek ordezkatu ditu Irungo jaiak amaitzeko su-artifizialak

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 29a

Uztailaren 1ean 22:30ean Stadium Gal gainean 300 droneekin osatutako koreografia batek itxiko ditu sanmartzialak aurreneko aldiz. "Munduko jaiak" ikusgarria eskainiko dute Stadium Gal gainean hegan, eta Ficoba kanpoko zabalgunetik ikusi ahalko da. Publikoa errazago bertaratu dadin, 22:00etan Zabaltzan plazatik kalejira antolatu dute Los Perolas fanfarrearekin. Zabaltza plazan geratuko direnek, aldiz, Asier Burguete, Mikel Bermejo eta Patricia Galvanen umore bakarrizketak gozatu ahal izango dute sanmartzialei azken agurra emateko.

Aurtengo San Pedro eta San Martzialak berritasun ikusgarri batekin itxiko dituzte Irunen. Datorren uztailaren 1n, 22:30ean, jaietako programari amaiera emateko esperientzia bisual berritzailea antolatu du udalak adin guztietarako. Aurreneko aldiz dronekin egindako argi eta ikusgarri musikala egingo dute Irunen. Kultura zinegotzia Nuria Alzagak azaldu du, ordu laurdenez, 300 drone Stadium Gal gainean hegan ibiliko direla, eta "Munduko jaiak" izeneko aireko koreografia aurkeztuko dutela. Ikuskizunean zehar, konposizio argitsu zenbait ageriko dira zeruan, herrialde askotako jai ospakizunetan inspiratuta, baita sanmartzialekin lotutako sorpresa batzuk ere.

Alzagak nabarmendu duenez, ohiko su-artifizialak ordezkatzeko alternatiba gisa aztertua zuten aspaldi, eta San Migel-Anaka eremuaren hirigintza garapenaren obrak hasi direla aprobetxatu dute orain proga egiteko. Izan ere, azken urteetan Leka Enea eskolaren atzealdean antolatzen zuten ikusgarri piroteknikoa.

Nolanahi ere, ingurumena errespetatzen duen ikusgarri berritzailea dela azpimarratu du. Izan ere «ez du hondakinik sortzen eta inklusiboa da, suzirien eztandaren zaratarik gabe, animaliak eta osasun egoera edo sentikortasun berezia duten pertsonentzat ere egokia da», nabarmendu du. Aurreneko aldia da horrelako ikusgarri bat antolatzen dutela Irunen, eta lekua eta su-artifizialak ordezkatzerako garaian hainbat aldagai kontuan hartu dituztela aditzera eman du Nuria Alzagak.

Kultura zinegotziaren arabera, «ingurumenaren zaintza dago beti hor, baina su-artifizialen harrabotsak gaixorik dagoen jendea eta txakurrak eta animaliak asko asaldatu egiten dituzte, eta dronak denek gozatu ahal izango dute». «Duela bizpahiru urte hasi ginela proposamen berria pentsatzen, eta iritsi da momentua», azaldu du Alzagak, «aurten dronen argi ikuskizun bat izango da, eta hau ikusteko San Migel aldera beharrean, Ficobara hurbildu beharko da». Izan ere, dronek Stadium Gal gainean hegan egingo dute. 

Udalak Ficoba kanpoaldeko zabalgunera joateko deia luzatzen die ikuskizunaz gozatzera doazen herritarrei, bertatik ikusiko baita ondoen. Eremu sonorizatua izango da gainera, bertan instalatuko baita droien koreografia akonpainatzeko musika. Ikuskizuna dela eta, Ficoba inguruko errepideak moztuta egongo dira, ikusleak galtzadan ere jar daitezen.

Bestalde, segurtasun-perimetro bat ezarriko da Gal estadioaren inguruan 22:00etatik 23:00etara, gutxi gorabehera. Tarte horretan, ezingo da inor sartu estadio inguruan, bidegorrian eta Santiagotarrak aldean, ez eta zona horietatik ibili ere. 

Iragarri dutenez, erdigunetik Ficobako barraka gunera joateko txaranga batek animatuko du aurtengo jaietako azken pasartea. Publikoa errazago bertaratu dadin, batik bat aldez aurretik Zabaltzan programatutako dauden bakarrizketetara joatekoak direnei dagokienez, kalejira bat antolatu dute Los Perolas fanfarrearekin. Ficobarantz abiatuko dira 22:00ak aldera. Dronen emankizuna amaitutakoan, 22:45 aldera, fanfarre horrek berak San Juan plazarako bidea hartuko du, publikoarekin batera.

Umorearen zapore gozoa

Bestalde, aspaldiko urtetan ondo errotutako umorezko bakarrizketa gaualdia ere izango da jaiak amaitzeko. Uztailaren 1ean, Zabaltza plazan, Asier Burguete, Mikel Bermejo eta Patricia Galvanen emanaldiak programatu dituzte aurten. Lasarte-Oriako Mikel Bermejo ibilbide luzeko komiko, gidoilari eta kolaboratzaileak arrakasta lortu zuen Irunen, joan den gabonetako programazioan euskaraz emandako ikusgarrian. Oraingo honetan, berriz, "Eureka" ikuskizunarekin ari da agertokiz agertoki, gaztelaniaz.

Nuria Alzagak aitortu duenez, Kultura Zerbitzuan eskaera asko jaso dituzte errepikatzeko. Bestalde, Jerezen jaiotako Patricia Galvan Estatu Batuetan jardun duen lehen umorista espainiarra izan da. Eta 2024an "Hardcore" ikuskizuna Madrilgo Gran Vían sarrera guztiak agortuta estreinatu ondoren, gaur egun Teatro Fígaron eskaintzen du, hainbat hiritan egiten ari den birarekin batera.