Txingudi Zerbitzuetako kale-garbitzaileak bart gaueko festaren arrastoak garbitzen ari ziren oraindik, gaur goizeko 8:00etan irundarrak San Pedro eguneko ospakizunekin hasi direnean. Gaupaseroz betetako San Juan Harria plazan Irungo Hiria Musika Bandaren San Pedro Eguneko Dianarekin hasi dira, eta 10:45ean udalbatzaren txanda iritsi da. Udal Korporazioaren komitiba San Juan Harria plazatik Junkaleko parrokiarako bidea egin du, Irungo Txistulari Taldeak, Irun Hiria Musika Bandak eta Irungo Atsegiña Elkarteko buruhandi eta erraldoiek lagunduta. Eta 11:00etan ohiko meza amaitutakoan, Udal Korporazioak Aurreskua dantzatu dio Irungo herriari Junkal plazan.
EH Bilduko hautetsi Ane Unanuek markatu du erritmoa, Aurreskuaren lehen lerroan jarrita. Amaitutakoan, komitiba udaletxera itzuli da, eta Irun Hiria Musika Bandak San Pedro Eguneko kontzertua eman du udaletxeko arkupeetan.
Gaurko eguna borobiltzeko, alardeetako errebistaz gain, 20:00etan Los Trankilos fanfarreak kaleak girotuko ditu Urdanibia eta San Juan plazetan, eta Luis Mariano lorategietan eta Zabaltza plazan. Gaueko 22:00etan, aldiz, Pagoki elkarteak Lastargidunen usadioa beteko du. Erdiguneko anbulatoriotik abiatuko dira, eta Artaleku, Kale Nagusia, San Juan Harria plaza, San Martzial, Sarjia, Larretxipi, Ermita eta Arbesko Errota kaleetatik Artiako zubian amaituko dute.