Irungo Udalak Elizatxon utzitako lokala egokitzen hasi da Osasun Saila pediatria zerbitzua behin-behinekoan hobetzeko

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 3a

Gaur hasi dira sei hilabetez luzatuko diren egokitzapen obrak. Irungo Udalak Elizatxo kaleko 3. zenbakian lagatutako lokalak 580 metro koadro dauzka solairu bakarrean, eta Osakidetzak milioi euroko inbertsioa egingo du bertan 12 pediatria kontsulta eskaintzeko. Lehen Arreta zerbitzua hobetzeko helburua dutela argitu du Osasun Sailak, baina behin-behinekoa izango da, Oinaurreko osasun-zentro berria eta Eridguneko anbulatorioa ordezkatuko duen berria egin bitartean.

Irungo Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berria egokitzeko lanak gaur hasi dituztela aditzera eman dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak. Sei hilabeteko epea aurreikusten dute, eta guztira milioi euroko inbertsioa egingo dute herritarrei zerbitzu hobea emateko. Iragarri dutenez, Oinaurreko osasun-zentroa eta Irun erdigunekoa ordezkatuko duen anbulatorio berria egin bitartean, aldi baterako pediatria kontsultak jasoko ditu lokal berriak. 

Obra hau lehen mailako arreta eta ospitaleko arreta barne hartzen dituen Bidasoako ESIaren 2025-2035 Plan Zuzentzaile berriaren barruan kokatzen dela gogoratu dute. Kasu honetan, Elizatxo etorbideko 3. zenbakian kokatutako eraikinaren beheko solairuan, 580 metro koadroko lokala Irungo Udalak lagatutakoa da. Bertan, medikuntzako eta erizaintzako 12 kontsultategi, larrialdietako gela bat, egokitutako jolas-gunea duen itxarongune bat eta pazienteari arreta emateko gunea egongo direla iragarri dute. 

Irunen bi osasun-zentro daude gaur egun, eta 67.759 laguni zerbitzu ematen die, eta Erdiguneko osasun-etxearen kasuan Hondarribiko larrialdiak, plakak eta beste zenbait froga ere artatzen dituzte.  Irungo erdialdeko anbulatorioa 1954an eraiki zen eta 37.759 laguni ematen die zerbitzua, Osakidetzako EAEko paziente gehien dituen zentroa izanik. Dunboako Osasun Zentroa, aldiz, 1994an eraikitakoa da, eta 30.000 laguni ematen die zerbitzua. Osasun Sailak aitortu du, bi eraikinak zaharrak direnez eta dituzten ezaugarri arkitektonikoengatik, dagoeneko ez direla eraikin funtzionalak asistentzia-premien ikuspegitik, eta, beraz, azpiegitura berriak eraiki behar direla. 

Hartara, Irun eta Hondarribiko udal agintariekin adostuta, Oinaurre eremuan osasun-zentro berri bat eraikiz (obrak 2027an hasiko dira) eta Irungo erdialdeko zentroa ordezkatuko duen anbulatorio bat eraikiko dituzte. Baina zentro horiek abian jarri arte, eta Irungo osasun-zentroko asistentzia hobetzeko, Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro honetan Pediatria arloa hartuko dute behin-behinekoan.