Udako denboraldi bete-betean, Santiagotarrak arraun elkarteak kirola eta kultura uztartuko ditu aurten. Uztailaren 18an Bidasoko Jaitsiera ospatuko dute. Udako kirol probetan klasiko bat izanagatik ere, kirol lehian dabiltzanentzat ez ezik Villanuevako bihurgunetik hasita 17:00etan, proba herrikoia ere egiten dute San Miguelgo bihurgunetik. Aurtengo edizioak, aldiz, sorpresa bat gordetzen du lasterketak amaitutakoan.
Izan ere, maiatzaren erdialdean Santiagotarrak klubaren aurrean dagoen ontziralekuak Urmuga egitasmoaren aurkezpena hartu zuen eta ez kasualitatez. Hain zuzen ere, klubak uztailaren 18an Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera egingo du enegarrenez, baina oraingoan pizgarri bereziarekin, Urmugaren agertoki bihurtuko baita ibaiaren ingurua, muga igarotzean bizitza galtzen duten migratzaileen memorian.
Ibon Huarte jaitsieraren antolaketan inplikatutako klubeko kideak aurtengo jaitsieraren berezitasunak azaldu dizkigu. Eta aitortu digunez, Urmuga festibaleko arduradunak haiekin harremanetan jarri orduko begirunez hartu zuten ekitaldia borobiltzeko.
Urmugaren Urtanta jaialdiak programatuak dituen kontzertu eta lehen ekitaldiak gure eskualdean izango dira. Beti Bidasoa ibaiak bustitzen dituen herriak elkartuz. Hala ere, festibala hasi da dagoeneko. Kanariar Uharteetan, maiatzaren 31n El Hierroko irlan iada Benabas talde senegaldarra, Arife taldea, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestra aritu ziren. Izan ere, aurtengo Urmugaren Urtanta festibalak muga fisikoei eta sinbolikoei buruz hausnartzeko gonbita egingo du, musika, mendia eta elkartasuna uztartuz. Zazpigarren edizioak Euskal Herria eta Kanariar Uharteak lotu nahi izan ditu, migrazioaren errealitatea eta mugetan gertatzen diren tragediak ikusgarri eginez.
Euskal Herriko aurreneko hitzordua, berez, uztailaren 17an izango da Urruña-Bera artekoa. Egun horretan, 18:30ean, Ibardingo lepoa eta Manttale mendiaren artean, Herri Kanta kontzertua egingo da. Et Incarnatus Orkestra, Easo Abesbatza eta hainbat herrietako kalean kantuz taldeek parte hartuko dute, Anabel Arraizaren gidaritzapean. Eta uztailaren 18an egingo dute Irungoa.
Santiagotarrak Kirol Elkarteak antolatzen duen Bidasoa ibaiaren jaitsierarekin bat egingo du ekimenak. 18:00etan, jaitsieraren hasieran, ekitaldi berezia Amets Arzallusekin; Albaolako Patatxak ere jaitsiera musikatuan parte hartuko du. 20:00etan, paduren aitzinean, Mugarri taldea, Otxo taldea, Jokin Lasa, Odei Barroso, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestra izango dira. Eguraldi txarrarekin Eguzkitza HLHI eskolan egingo da.