Europako herrialde askotan ohikoa den bezala, Irunen ere hiriko parkeak okupatu, erabili eta kulturaz janzteko asmoarekin hasi zenetik, Girabira ondo errotu den ekimena da. Programaren hamabigarren edizioa uztailean, abuztuan eta urrian ospatuko dute, Soroxarta, Alai Txoko eta Mendibil parkeetan. Antolatzaileek iragarri dutenez, antzerkia, zinema eta musika izango dira protagonistak, eta tailerrak, ikuskizunak eta parkean familiek piknika egiteko aukera emateaz gain, taberna zerbitzua ere emango dute.
Sendotutako proposamen kulturala izanik, Irungo parkeak eta berdeguneak elkargune bilakatu eta kulturaren eskutik gozatzeko aukera eman nahi du Girabirak. Eta horregatik, aurten urrats bat gehiago emango dute Txingudi Ekoetxearen eskutik. Pia Alzaga antolatzaileak aditzera eman duenez, aurtengo berritasun nagusia haien eskutik iritsiko da. «Hitzordu bakoitza hartuko duen parkearekin lotutako tailer bat dinamizatuko dute Ekoetxea Txingudiko adituek, espazio berde horiek hobeto ezagutu eta familien artean inguru naturala balioan jartzeko», azaldu digu.
Aurtengo edizioak hiru deialdi izango ditu guztira. Aurrenekoa, uztailaren 10ean antolatu dute Soroxarta parkean. Ainara Rubio Girabirako kideak gogoratzen duenez, «itzalgune zabalak dauzkan parke erosoa da familientzat», eta antzerkia proposatuko dute. 17:30etik 19:30era Garbiñe Martiarena, Jon Saenz del Castillo eta Ekoetxea Txingudiren eskutik sormen eta naturari lotutako tailerrak egingo dituzte txikienentzat. Eta 19:30ean Laenananaranja konpainiaren «KONTU KANTARI 2» antzerkia taularatuko dute.
Abuztuaren 28ko Girabirak, berriz, zinemagintza izango du ardatz Lapitze auzoko Alai Txoko parkean. Eta iragarri dutenez, besteak beste "Auzoko Totoro" filma proiektatuko dute euskaraz. Aurtengo edizioa urriaren 4an itxiko dute, ohiko duten bezala, Mendibilgo parkean eguerdiko (12:30) Txikimusika saio batekin.