Sanmartzialetan 976.220 kilo hondakin bildu dituzte kale-garbitzaileek

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 7a

Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan inoizko kale-garbiketa brigada handiena aritu da lanean. Talde txikiagoetan baina 130 lanaldi berezi egin dituzte goizetan kaleak txukun mantentzeko. Txingudiko Zerbitzuen datuen arabera, iaz baino zabor apur bat gutxiago sortu da jaietan, eta herritarrek gehiago eta hobeto bereizi dituzte hondakinak. Horri esker, 38.000 kilo errefusa gutxiago sortu da, eta materia organikoa, papera eta ontzietan gora egin du gaikako bilketak. 

Ekaineko lau asteburuetan eta ekainaren 21etik uztailaren 1a bitartean, goizero Txinzerrek azpikontratatuak dituen FCCko kale garbitzaileak lanean aritu dira buru-belarri jaietan kaleak txukun mantentzeko. Gaueko parrandaren ondoren, jaietako ekitaldi nagusiak ospatu diren guneak hondakinez beteak esnatu badira ere, Txingudi Zerbitzuek «balorazio baikorra» egin dute oro har. Aditzera eman dutenez, «hiria ahal bezain garbi eta txukun mantentzeko kale garbitzaileen errefortzua» nabarmena izan da.

Azken urteetan dispositibo hau indartzeko inbertsioa emendatzen joan da etengabe. Izan ere, 2024 urtean jada aurrekontua %30 handitu zuten, langileen errefortzua 110 lanaldira pasatzeko. Baina iaz 96 lanaldi egin zituzten bitartean, aurten ekainaren lehen asteburutik izan dira jaietako kontzertuak, eta eguneroko garbiketaren kostua 12.715 eurokoa izanik aurrekontua handitzeaz gain, guztira aparteko 130 lanaldi bideratu dituzte.

Alde horretatik, zerbitzua indartzearekin batera egindako «antolaketa berriak hiriko eremu gehiagotara iristea eta jende gehien bildu den egunetan erantzun eraginkorragoa ematea ahalbidetu du». Argitu dutenez, lana brigada txikiagoetan antolatu dute aurten, goizeko txandan hiriko gune gehiagotara heldu ahal izateko. Eta jardun handieneko egunetan, zerbitzua 33 langile gehiagorekin indartu dute. 

Gaikako bilketa gehiago

Datu zehatzei dagokienez, Irungo jaietan guztira 976.220 kilo hondakin bildu dituzte kale-garbitzaileek, iazko kopurua baino zertxobait txikiagoa. Baina aldaketa esanguratsuena materia organikoaren, paperaren eta ontzien bilketaren hazkundean antzeman dute. Eta horrek errefusak 38.000 kilo baino gehiagoko beherakada izan du. Izan ere, materia organikoaren bilketa 111.600 kilotik 118.780 kilora igo da, paperarena 95.420 kilotik 114.060 kilora, eta edukiontzi horiko ontziena 65.920 kilotik 70.220 kilora. 

Argitu dutenez, kaleko garbiketarekin batera, hiriko hainbat gunetan edukiontzi gehiago jartzeak eta bilketa maiztasuna handitzeak ere edukiontzien kanpoaldean pilatutako hondakinen kopurua murrizten lagundu du aurten. 

Bestalde, Urdanibia plazako sei txosnen artean 21.900 edalontzi erabilgarri banatu dituzte Txingudiko Zerbitzuek. Azken urteetan eskualdeko jai gehientsuenetan herritarren artean edalontzi hauek erabiltzeko ohitura errotu bada ere, Irungo jaietako hiru txosnatan erabilera bakarreko plastikozko edalontziak erabili dituztela identifikatu du Txinzerrek egindako ikuskapenetan. Eta beraz, hurrengo jaietan alderdi hori hobetzen jarraituko da.