Datorren denboraldia, gainera, beste mugarri bat izango da klubaren historian, 19. aldiz parte hartuko baitu Europako txapelketetan. Duela hiru hamarkada baino gehiago hasi zen ibilbide horrek nazioarteko historia oparoa utzi du, guztira 90 garaipen, 16 berdinketa eta 55 porrotekin. Bere historia handiagotzeko helburuarekin lehiatuko da IRUDEK Bidasoa Irun maila goreneko klubekin. Federazioak aditzera eman duenez, hauek izango dira EHF European League honetan parte hartuko dute taldeak: SG Flensburg-Handewitt, VfL Gummersbach, RK Nexe, MOL Tatabánya KC, IK Sävehof, HC Eurofarm Pelister, Sport Lisboa e Benfica, Kadetten Schaffhausen, Elverum Håndball, Limoges Handball, HCB Karviná, Fraikin BM Granollers, Tatran Prešov, Saint-Raphaël Var Handball, Chambéry Savoie Mont Blanc Handball, Bathco BM Torrelavega, Dicorpebal Logroño La Rioja, Mors-Thy Håndbold, TTH Holstebro, Bergischer HC, PGE Wybrzeże Gdańsk, Hammarby Handboll, Valur, FH Hafnarfjörður, Marítimo da Madeira SAD, Aguas Santas Milaneza, CSM București, ACS HC Buzău, RD LL Grosist Slovan, HC Izviđač, MRK Sesvete Triglav Osiguranje.
2026/27 denboraldian, gainera, EHF European League gizonezkoen txapelketak formatu berria estreinatuko du. Hasierako parte-hartzaile kopurua 48tik 32ra murriztuko da, eta, ondorioz, multzoen fasearen aurreko kanporaketak desagertuko dira. Lehiaketa zuzenean multzoen fasearekin hasiko da: zortzi multzo osatuko dira, bakoitza lau talderekin.
Talde bakoitzak sei partida jokatuko ditu (joan-etorriko neurketak bere multzoko hiru aurkarien aurka), eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek final-zortzirenetarako txartela eskuratuko dute. Bertan bat egingo dute Machineseeker EHF Champions Leagueko multzoetako hirugarren eta laugarren sailkatuekin. Ondoren, hiru kanporaketa zuzen jokatuko dira EHF Finals-eraino; bertan erabakiko da Europako txapelduna.
Abonamendu kanpaina
Bestalde, datozen asteetan C.D Bidasoak 2026/27 denboraldiko abonuen kanpainari buruzko informazio guztia emango du ezagutzera, baita EHF European Leagueko partidetarako sarreren salmenta-prozedura ere. Xehetasun guztiak klubaren ohiko komunikazio-kanalen bidez jakinaraziko dituztela argitu dute, zaleek taldeari Europako beste erronka batean ere gertutik lagundu ahal izan diezaioten.
Hala ere, abonatuen kanpaina "Sustraien Indarra" lelopean abiatu dute, klubaren nortasuna bere bazkide eta zaleekiko konpromisoa eta Lurraldea Gara proiektuaren etorkizuna uztartzen dituen mezua. Iragarri dutenez, egungo bazkideei zuzendutako epea ireki dute, haien abonua berritzeko. Uztailaren 8ra arte, egun hori barne, bazkide eta/edo abonatu baja eskatu, eserlekua aldatzeko eskaera egin, familia-unitatean izandako aldaketak jakinarazi edo egoera berezietarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu ahal izango da.
Hala ere, bazkideak informazio gehigarririk komuniktatu beharrik ez badu, klubak bazkideen kategoriak automatikoki eguneratuko ditu, adina edo familia-unitatea bezalako irizpideak kontuan hartuta. Beraz, ez da inolako izapiderik egin beharko eguneratze hori gauzatzeko. Epe honetan zehar edozein kontsulta edo izapide egiteko, bazkideek bazkideak@cdbidasoa.eus helbide elektronikora jo ahal izango dute.
Ondoren, uztailaren 20an, abonatu berrientzako alta epea irekiko da. Bigarren fase hori plaza guztiak bete arte egongo da zabalik.