Urdanibia Berriko auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Uztarri Ona auzo elkarteak antolatuta, Eihera plaza izango da erdigune, baina auzo zaharrean eta kirol kantxan ere antolatu dituzte hainbat ekimen. Adin guztietarako hitzorduak prestatu dituzte, izan ere, urte osoan zehar antolatzen dituzten jardueretan bezala, udako jaietan ere, auzogiroa sortu eta harremanak estutzeko helburua dute.
Antton Bello auzo elkarteko kideak azaldu digunez, kultur dinamika azkarra dute auzoan. «Neguan ere Olentzeroren etorrera, inauteriak edota arrakasta handia duen Gau Beltza antolatzen dugu, eta jai hauekin ere auzoa elkargune bilakatzea nahi dugu», azpimarratu du.
Gaur 19:00etan pregoia izango da, eta 19:30ean haurren danborrada. joan den astean zehar hainbat entsegu egin dituzte txikienek, eta gaur Abiyuan txarangak lagunduta auzoko kaleak zeharkatu dituzte. Ondoren erraldoiak eta buruhandiak, bingo musikala eta musikarekin amaituko dute lehen eguna. Bihar, larunbata, goizeko 10:00etan, haurrentzako tailerrak eta kirol goiza antolatu dute auzoko kantxan, futbola, saskibaloia eta mahai-tenisarekin. Arratsaldean, mus txapelketa, toka, eta iluntzean herri afaria eta mozorro lehiaketarekin batera goizeko ordu txikitan amaituko dute DJ Aitanaren emanaldiarekin.
Urtero zerbait berria antolatzen saiatzen direla azaldu du Bellok. Alde horretatik, aurtengo berrikuntza nagusia sanferminei keinu bat izango da. Haurrentzako entzierroa izango da auzo zaharrean, (Tonpes kale inguruetako etxeetan) eguerditan. Eta sanferminak bezala balira, igandeko egitaraua amaitutakoan, 18:30ean “Gaixoa Ni“ abestuz itxiko dituzte auzoko jaiak. Aurretik, Apar Festa eta Sergio Schmitoven kontzertua ere izango da, besteak beste.