Irungo Ernaik irmoki salatu du, hedabideei bidalitako ohar batean, Irungo Udalak igandean jokatuko den Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finala ikusteko pantaila erraldoiak jartzea. Gazte Independentisten ustez, ekimen horrek “españolismoaren” beste erakustaldi argi bat ekarriko du, eta futbol partida baten aitzakiarekin nazionalismo espainiarraren aldeko jarrera instituzionala berriz ere plazaratuko dela nabarmendu dute, Irungo EAJPNVren konplizitate politikoarekin batera.
Ernairen iritziz, igandeko ekitaldia ez da isolatutako gertakaria, baizik eta Irungo Udalaren ohiko joeraren beste adibide garbia: Cristina Laborda alkate duen gobernuak, euren esanetan, sistematikoki baztertzen eta zapaltzen du Euskal Herria eta euskaldunon identitatea, eta espainiar nazio ikuspegiaren normalizazioan lan egiten du. Antolakundearen ustez, espainiar selekzioaren inguruko ospakizun arrotzak inposatzen dituzte espazio publikoan.
Bien bitartean, Euskal Herria, euskalgintza edo euskararekin zerikusia duen jarduera orori trabak jarri edo zuzenean debekatu egiten ditu udalak. Horren aurrean, Ernaitik Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute, eta gazteak zein herritarrak mobilizatzera deitu dituzte selekzio propioaren aldeko borrokan. Haien mezua argia da: selekzio eta ospakizun arrotzek ez dute euskaldunen identitatea ordezkatzen, eta beharrezkoa da euskal selekzioaren aitortza instituzional zein soziala lortzeko presioa areagotzea.
Hori guztia kontuan hartuta, antolakundeak dei egin du datozen egunetan balkoietan euskal ikurrak jartzera, bai eta Euskal Selekzioaren kamiseta janztera ere Euskal Herriaren nazio izaera eta Euskal Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Ernairen esanetan, ekintza sinboliko horiek ezinbestekoak dira espainiar selekzioaren inguruko presio mediatiko eta instituzionalari aurre egiteko, eta euskal gazteriaren ahotsa kalean eta plazan entzunarazteko.