San Martzialgo ermitaren estalkia eta leihoak berrituko ditu Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 16a

Aldabe mendiko San Martzial ermitaren estalkia eta leihoak berritzeko 285.904 euroko kontratua esleitu dio Irungo Udalak UNEBIDE S.L. enpresari. Kontratazioa egitea joan den martxoan onartu zuen Udal Gobernu Batzarrak, eta orain hasierako gehienezko aurrekontua baino 80.000 euro merkeago esleitu ditu hiru hilabetez luzatuko diren obrak.

Aldabe mendiko San Martzial ermitaren estalkia eta leihoak berritzeko 366.544 euroko kontratazioa onartu zuen joan den martxoan Irungo Udal Gobernu Batzarrak. Eta aste honetan aditzera eman dutenez, azkenik UNEBIDE OBRAS Y
CONTRATAS, S.L. enpresari esleitu diote kontratua aurreikusitakoa baino merkeago. Izan ere, 285.904 euroko kontratua esleitu du udalak hiru hilabetez luzatuko diren lanak egiteko.

Irungo Udalak aditzera eman duenez, eraikinaren kanpoaldea birgaitu nahi dute, estalkia eta leiho guztiak berrituz. Era berean, teilatuak izan ditzakeen ur itogin arazoak konpondu nahi dituzte estalkia berritzearekin batera. Eta ermitaren isolamendu termikoa hobetuko dute.