20 urte duela hogei mendeko Oiasso zena balioan jartzen

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 20a

Oiasso museoak ateak zabaldu zituela 20 urte bete dira gaur. 500.000 bisitari jaso eta erromatar aztarna arkeologikoen indusketa eta dibulgazioa bultzatzearekin batera, kultur eragile nabarmena bilakatu da bi hamarkada hauetan. Museoa, terma erromatarrak, Ama Xantalen nekropolia eta ateak zabaldu berri dituen Irugurutzetako interpetazio zentroaren eskaintza oparoaz gain, eskolartekoentzat zein itsu edota adimen desgaitasuna dutenentzako bisitak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak eta kontzertuak jasotzen dituen kulturgunea ere bada museoa, baita FICAB bezalako zinemaldi arkeologikoaren eramailea ere.

Duela 20 urte museo batek ateak zabaldu zituen Irunen. Arkeologiaren dibulgazioari lotutako Gipuzkoako museo bakarra. Oiasso Museoaren irekiera mugarri bat izan zela azpimarratu du gaur Cristina Laborda Irungo alkateak. «Ziurgabetasuna handiko proiektua bazen ere, ausardiaz jokatu genuen eta denborak erakutsi du apustu egokia izan zela», aldarrikatu du alkateak. Izan ere, bi hamarkada eta 500.000 bisitari geroago, hasierako museoaren eskaintza nabarmen aberastu dute ikerketa eta indusketa berriek. Eta 2025 urtean lortutako 44.240 bisitariak, marka historikoa izan zen. 

Oiasso museoa 2006an inauguratu zenean, erromatarren garaiko Bidasoko aztarna arkeologiko garrantzitsuenak bildu zituen. Ikerketa arkeologikoari esker, portua eta bertako biltegiak, termak, nekropolia eta inguruko meatze ustiategiak identifikatu ahal izan baitira. Baina hasiera bateko biduma arkeologikoek material organikoak, larruan eta egurrez landutako objektuak, txanponak, ontziak eta jainkoen irudi txikiak baizik ez zituzten. Eta museoa hiru gelatan antolatu zuten, erromatarren eragina, portua eta Oiasso zer zen ulertzeko sala. 

Bi hamarkada hauetan, aldiz, Ama Xantalen nekropolia egokitu dute eta museoaren atzealdean dauden terma erromatarren indusketak amaitutakoan, museoaren bisita eskaintzara gehitu zuten iaz. Eta aurten Irugurutzetako labe eta meatzegintza ezagutzeko interpretazio zentro berrituak ateak zabaldu berri ditu. 

Ikerketa arkeologikoa Irunen

Jaime Rodriguez Salisen eskutik 1969-1970 artean Junkaleko Andre Mariaren elizako arkeologia indusketak, eta Santa Elena baselizako arkeologia indusketekin hasi zen abentura. Berak egindako aurreneko aurkikuntzen ondoren, Mertxe Urteaga arkeologoak Irungo erromatar portuaren aurkikuntza egin zuen 1992 urtean, eta orduz geroztik, Arkeolan Fundazioak arlo akademikoaz harago, Goi Inperioaren garaiko Oiasso erromatar hiriaren eguneroko bizimodua nolakoa zen irudikatzeko eta irakasteko ahalegin etengabea egin du museoak 2006an ateak zabaldu zituenetik. Izan ere, Arkeolan Fundazioko Josue Susperregik dioenez, «historia ezagutzara emateko ikerketa eta arlo akademikoa ezinbestekoa bada ere, horren dibulgazioa egin gabe ez luke ezertarako balio izango». Irekieraren 20. urteurreneko ekitaldi instituzionala egin dute museoaren atarian. 

Alde horretatik, 20 urteotan museoak egindako lan eskerga nabarmena dela uste du Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. «Hipotesi bat egia bilakatzeko lan handia egin zuten hainbat ikertzailek, eta gaur altxor pila erakusten ditugu hemen, baina berreskuratu dugun iraganaren erakusle besterik ez dira», adierazi du 20. urteurreneko ekitaldi instituzionalean.

Dibulgazioa eta kulturaren sustapenerako tresna

Bi hamarkada luze hauetan, museoa eta bere eskaintza zabaltzearekin batera, kulturgune nabarmena eta anitza izan dela azpimarratu du ere Aizpea Goenaga museoaren zuzendariak. «20 urte duela 20 mende hemen izan zen erromatarren presentzia dibulgatzen daramatzagu, ez da konparablea, baina Irun bidegurutze izaten jarraitzen du, eta aniztasun horretan, museoak historia eta kulturan sakontzen jakin du pasioz», dio Goenagak.

Zentzu horretan, museoak dibulgazio lana egiteko eman dituen urratsak gogoratu ditu. «Unibertsitateekin, Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko beste museoekin harremanetan dago Oiasso museoa», azpimarratu du, txikitik handira jotzen jakin izan duela nabarmenduz, «FICAB bezalako estatuko zinemaldi arkeologiko bakarra antolatzen du, baina eskolartekoen bisitak, itsu eta adimen desgaitasuna duten kolektiboentzako bisitak antolatzen ditu, baita euskararen arloan lan handia egin ere, tailer, ikastaro eta jardueretan». 

Aizpea Goenaga erretreta hartzera doa, eta hunkituta jaso du udalaren izenean lore sorta alkatearen eskutik.

Aizpea Goenagak bere azken egunak ditu Oiasso museoko zuzendari gisa. Iragarri duenez, aurki jubilatuko baita. Arkeolan Fundazioari, Irungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskainitako babesa eskertu die, baina 20 urteotan, Mertxe Urteaga (2006-2016 urtaldian) zuzendari lanetan aritu zen bere aurrekariarekin batera, museoaren egunerokoan lanean dihardun lantaldea omendu nahi izan du ere, «lantaldea delako museoa bizirik mantendu duenak». Juanjo Jimenez zuzendari laguntzailea, Itsaso Bikuña eta Idoia Castro Hezkuntza sailean, Idoia Lekuona administraria, edota Ane Astarloa eta Judith San Roque, baita bi hamarkadatan bertan lan egin izan duten aditu eta teknikari guztiak ere.

Oiasso erromatar museoaren ibilbidea gorabeheratsua izan dela aitortu du, baina «denek sinistu eta bultzatu» egin dutela. Eta 20 urte ondoren uztailaren 20 honetan «harro egoteko moduko museoa» dugula aldarrikatu du.