Fosilen tailerra egingo da abuztuaren 8an Lapurriturriko Informazio gunean

Aitor Errazkin 2026ko uztailaren 22a

Lapurriturriko Informazio guneak udako programazioarekin jarraitzen du eta abuztuaren 8an "Fosilen tailerra" antolatuko du. Jarduera familia guztiei zuzenduta dago, bereziki 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituztenei. Parte hartzaileek Gipuzkoako fosilak ezagutzeko eta natura modu dibertigarrian esploratzeko aukera izango dute. Izena emateko epea uztailaren 23tik abuztuaren 3ra egongo da zabalik.

Aiako Harria parke naturalean dagoen Lapurriturriko Informazio guneak udako jardueren egitarauarekin jarraituko du abuztuaren 8an, larunbatean, egingo den "Fosilen tailerra" izeneko ekimenarekin. Jarduera 11:00etan hasiko da, Lapurriturriko Informazio Gunetik bertatik.

Tailerraren helburua Gipuzkoan aurki daitezkeen fosil nagusiak ezagutaraztea da. Horretarako, parte hartzaileek lurraldeko hainbat lekutako fosilak ikusi eta ukitu ahal izango dituzte, eta Lapurriturri inguruan izaki bizidunak eta bizigabeak bereizteko jolas didaktiko batean parte hartuko dute. Amaieran, fosil adierazgarrienen fitxa bana jasoko dute.

Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki gomendatzen da 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa izango da, eta uztailaren 23tik abuztuaren 3ra egin ahal izango da 010 telefonora deituz edo Irungo Udalaren webgunearen bidez. Antolatzaileek mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen dute.

Bestalde, Lapurriturriko Informazio Guneak ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean asteburu, jaiegun eta zubietan zabalik jarraituko du, 09:30etik 13:30era. Udazkenerako ere jarduera bereziak aurreikusi dira: irailaren 12an "Zuhaitza, gure laguna" eta urriaren 10ean Mikologia tailerra. Informazio guneak, gainera, Aiako Harria Parke Naturaleko natura, historia, ibilbide tematikoak eta inguruko eskaintza turistikoa ezagutzeko informazioa eskaintzen die bisitariei.