Irailaren 1etik 14ra egongo da zabalik Irungo Udal Euskaltegian matrikulatzeko epea. Miren Tolosa zuzendariak azaldu digunez, aurten ere helburua da euskara ikasi edo hobetu nahi duten guztiei aukera errazak eskaintzea, bakoitzaren beharretara egokitutako ordutegi eta ikastaroekin.
Eskaintzaren barruan bi aukera nagusi izango dira: urriaren 1etik abenduaren 22ra egingo den hiru hilabeteko ikastaro trinkoa, goizez eta egunero lau orduko saioekin; eta urriaren 1etik ekainaren 18ra luzatuko den ikasturte osoko ikastaroa, astean bost edo sei orduko klaseekin eta ordutegi malguekin.
Matrikula Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo autozerbitzu terminaletan egin beharko da, sinadura elektronikoa erabilita. Mailaketa-proba egin beharko dute lehen aldiz matrikulatzen direnek edo aurreko ikasturtean euskaltegian aritu ez direnek.
Bestalde, ikasleek hainbat laguntza ekonomiko izango dituzte eskura. Udalaren bekak eta HABEren dirulaguntzak ez ezik, 2026-2027 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren Euskara Bonua ere martxan jarriko da. Horrez gain, LANNAHI programako onuradunek hiru hilabeteko ikastaro trinkoak prezio murriztuan egiteko aukera izango dute.