Moskuko jaiak 2026

Oinatz Mitxelena Munduate: «Aurtengo leloak dioen bezala, izarraren gainean dantzan ibiliko gara azken momentura arte»

Paola Oskoz 2026ko abuztuaren 11

Aste honetan ospatuko dira Moskuko jaiak, abuztuaren 13tik 16ra bitarte hain zuzen ere. Adin guztietarako aproposak diren ekitaldiak antolatu dituzte, parranda eta aldarrikapena uztartuko dituen egitaraua osatuz. Musika izanen da bi egunez protagonista, baina hortaz gain, bertsoak, dantza, jolasak, aurkezpenak eta erakusketak izanen dituzte auzoan. Helburua hori baita, auzoko jaiak bertakoentzat eta bertakoekin egitea. 

Abuztuaren 13tik 16ra ospatuko dira aurten Moskuko jaiak Irunen. Bertze behin ere, musika doinuekin girotuko dute auzoa asteburu guztian zehar, nahiz eta bertzelako ekitaldiek ere hartuko duten protagonismoa. Berrikuntza gisa, ortzegunean, fanzine baten aurkezpenarekin eta Palestinaren inguruko erakusketa batekin hasiko dituzte jaiak. Larunbatean berriz, garai batean ohikoa zen ardo dastaketa berreskuratuko dute plazan. Horrela, adin guztietarako aproposa izanen den egitaraua osatu dute, feminismoa, euskara eta elkartasuna aldarrikatzea ardatz izanen dituena. 

Maiatzetik ari da dozena bat pertsonek osatutako taldea Moskuko jaiak antolatzen. Oinatz Mitxelena Munduate talde antolatzaileko kideak erran duenez, astean behin elkartu dira geroztik, egitaraua fintzeko: “Gure jaiak beti izan dira autogestionatuak beraz, asanbladan antolatzen ditugu”. “Bakoitzaren aukeren arabera”, taldeak antolatzen dituzte “kontzertuak lortzeko, herri bazkariko kontuak egiteko, diru bilketarako edota propaganda egiteko”. Edonola ere, bizilagun guztiek ekarpena egiten dute lau eguneko jaiak ospatu ahal izateko: “Diru irabazi nagusiena txosnak dira, baina auzoko tabernek, dendek eta eragileek ekarpena egiten dute. Gainera, kamisetak ere ateratzen ditugu diru bilketa horretarako”. Irabazi horiekin osatzen dute programa, nahiz eta zati bat ere bertze herrialdeetara bideratzen duten, elkartasun adierazpen bat eginez. Mitxelenak oroitarazi duenez, “auzo hau beti izan da elkartasuna adierazi duen auzoa eta aurten, beste urteetan bezala, Venezuela eta Palestinara bidali dugu dirua laguntza moduan”. 

Moskuko jaien helburu nagusia hori baita, aldarrikapenez betetako auzoko bestak izatea. “Auzoko eredu bat bilatzen dugu, beti borrokan aritu den auzoa izanik. Feminismoak, euskararen aldeko aldarriek, elkartasun adierazpenek lekua izatea nahi dugu. Ez soilik parranda, kutsu politika duen zerbait ere bilatzen dugu”, adierazi du talde antolatzaileko kideak. Gaineratu duenez, “gureak izaten ahal diren gauzak eta gertukoak direnak bilatzen” dituzte ekitaldiak proposatzeko garaian, eta hori lehen egunetik nabarituko da aurten. Izan ere, ortzegunean bertan, fanzine baten aurkezpena eginen dute, baita Palestinaren inguruko erakusketa bat ere, gaur egun bertan bizi den egoera ezagutarazteko asmoz. 

Ortziralean berriz, pregoia aprobetxatuko dute falta direnak gogora ekarri eta uda honetan aitzinera eramaten ari diren zenbait borroka babesteko: “Aurtengo pregoia hunkigarria izango da askorentzat, galdutako bi kiderengatik. Orain dela hilabete guti Eneko galdu genuen eta aste honetan ere Karlos galdu dugu. Azkenean, hunkigarriak izango dira jai hauek, hutsune bat edukiko dugulako, baina ari dago, beraiekin gogoan eta beraiengatik, festarekin aurrera egingo dugula ahalik eta modu politenean. Pregoia hortik joango da. Jaien leloak dioen bezala, izarraren gainean dantzatzen ariko gara azken momentura arte”. Honen ondotik, punk musika estiloko kontzertuak izanen dituzte asteburuari hasiera emateko eta horren aitzinetik, egun horretan bertan hasiko den soinu teknikarien greba babesteko aprobetxatuko dute momentua. “Azpimarratu nahiko genuke, ostiralean bertan soinu teknikarien greba dagoela eta, nahiz eta ez ditugun kontzertuak kendu, kolektiboari elkartasuna adieraziko diogu”, dio Mitxelenak. 

Larunbat eta igandean ohiko ekitaldiak izanen dituzte, tartean, herri bazkaria, kontzertu gehiago, bertso saioa, Kemen dantza taldearen emanaldia, patata tortilla txapelketa eta joko eta jolasak, adin guztietarako aproposak izanen direnak. Berrikuntza gisa, Mitxelenak jakinarazi du, larunbatean ardo dastaketa berreskuratuko dutela: “15a jai eguna dela aprobetxatuz, eta azokarik ez dagoenez, ardo dastaketa berrartu dugu”. Jaiak, berriz ere, musikarekin borobilduko dituzte igande arratsaldean, auzoan beti lekua izan duen “musika aldarrikatzaileari” lekua eskainiz. Horrela bada, Oinatz Mitxelena antolatzaileak lau egunez besta giroan murgilduta egonen den auzora gonbidatu du jendea, bertakoekin eta bertakoentzat osatutako egitarauaz gozatzera. 

Egitaraua:

Abuztuaren 13a, ortzeguna:

  • 19:00etan Plazan: fanzine aurkezpena Bigl-ak aldetik
  • 19:45ean Plazan: Palestinaren inguruko erakusketa

Abuztuaren 14a, ortzirala:

  • 19:30: pregoia
  • 20:00: DJ Leku
  • 22:00: kontzertuak (Perlata, Txintxes, Stupid Fuckin People) 

Abuztuaren 15a, larunbata:

  • 12:30ean txosnan: ardo dastaketa
  • 14:00 Peña kalean: bazkaria
  • Bazkalondoan: Selektah Stepi eta lagunak
  • 21:00: kontzertuak (Niña Diaz, La Badu, Ezezez, The Border Outlaws)

Abuztuaren 16a, igandea:

  • 11:00etan Plazan: haur jolasak
  • 13:00etan txosnan: patata tortilla txapelketa
  • 15:00etan txosnan: mus txapelketa
  • 16:00: artisau eta bigarren eskuko azoka
  • 17:30ean Plazan: bertso saioa Irantzu Idoate, Ekhiñe Zapiain, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriagarekin
  • 18:00etan txosnan: sardin zaharren salmenta
  • 19:00etan Plazan: haur jolas autogesionatuak (toka, boloak...)
  • 21:00: toxina itxi aurreko pintxada (Selector Don Loope)