Aurredenboraldiko bertze hitzordu bat izanen du gaurkoan, abuztuaren 20an, Irudek Bidasoa Irunek, Niko Mindegia jokalariarentzat berezia izanen dena gainera. Izan ere, Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak antolatutako lagunartekoa jokatuko du talde irundarrak gaur Donezteben, Mindegiaren herrian. Eskualdean eskubaloia, bertze kirolen artean, sustatzen duen klubak bere 50. urteurrenaren barreneko ospakizunetan sartu du partidu hau, herriko zaleei euren herriko jokalari profesionala ikusteko aukera emanez. Bidasoa Klubarentzat ere garrantzitsua izanen da hitzordu hau, Lurraldea Gara proiektuaren barrenean, Doneztebeko talentu gaztearekin lanean aritu baitira ikasturtean zehar eta etorkizunean ere horrela segitzeko asmoa dute.
Bidasoak Zaragozako Contazara taldearen kontra jokatuko du gaurkoan beraz, Doneztebeko kiroldegian, 19:00etan. Sarrera debalde izanen da.